Ikas-ziberkomunitateak: ikastaro bat abian

Orain arte Euskal Herritik kanpo aritu naiz nagusiki nire tesian landutako gaiez, Madrilen, Puerto Sagunton edo Bartzelonan, besteak beste. Bilbon eman nuen saiotxoren bat, baina gaztelaniaz. Beraz, aukera bat izango dut egiaztatzeko ea “gizona, santu izateko, herriz aldatu behar” esaera betetzen den.

Izan ere, “Irakasleen ikas-ziberkomunitateak helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan” ikastaroa antolatu du HABEk. Jardun bikoa, erdipresentziala edo blended learning erakoa izango da: aurrez aurreko bi saio izango ditu, hasieran eta amaieran, eta online egingo da tarteko lana. 2019ko urtarrila eta otsailean egingo da.

ELE BCN jardunaldietan emandako tailerretako argazkia. Encuentro ELEk argitaratua.

DigCompEdu marko edo esparruko gaitasunak garatu eta hobetzea da helburu nagusia, bereziki eraginez honako helburu operatibo hauetan

  • Lankidetza profesionala: teknologia digitalak erabiltzea elkarlanean ezagutza eraikitzea.
  • Garapen profesional jarraitua (GPJ) digitala: online GPJrako aukerak esploratzea.
  • Baliabide digitalak aukeratzea: baliabide egokiak identifikatzea eta ebaluatzea oinarrizko irizpideak erabiliz.
  • Baliabide digitalak sortu eta moldatzea, ezaugarri aurreratu batzuk erabiliz.
  • Baliabide digitalak eraginkortasunez partekatzea.

Izena emateko epea hilaren 15ean amaituko da, eta doan da ikastaro hau. Beraz, animatzen bazara, badakizu.

Aurrerago izango dugu beste berriren bat udari begira; oraingoz, ezin gehiago aurreratu.