XXII. Agiña memoriala: herri, errai, erro

Aurten ere udazkenaren etorrerarekin batera, ate joka dugu Jatorki abesbatzak 1998tik Andoni Arregiren omenez antolatzen duen Agiña memoriala. XXII. ediziora iritsi da dagoeneko 1998an hasitako ekimen hau.

Herri, errai, erro” izenburua jarri diote aurtengoari, Jatorkiren betiko euskaltasunarekin uztartuta leitmotiva. Izan ere, ziklo bat itxiz aurreko bi urtetakoen jarraipena izango da, nolabait esateko. Eresoinka mugimendu kulturala izan zen ardatza 2017an; 2018an, berriz, Ez dok amairu. Hala, 70eko hamarkadaren ondorengo kantautore eta musika-taldeen lanak aurkeztuko ditu abesbatzak oraingoan, korurako propio egindako egokitzapenekin. Jatorki ez da bakarrik arituko, beste zenbait musikari izango baititu lagun: Mario Lerena, 3 Taula Txalaparta ekimenak, Arrate Fernandez eta Bilboko txistu-taldea.

XXII. Agiña memoriala 2019

Urriaren 5ean Atxuriko Gizakundearen Elizara hurbiltzen bazara, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Gorka Knörr, Hertzainak, Sorotan Bele, Itoiz, Gontzal Mendibil, Mikel Laboa edo Kalakanen abestiak entzun ahal izango dituzu, beste hainbat musikariren ikuspegi eta moldaketekin, hala nola, Jesus Egiguren, Lorenzo Ondarra, Karlos Gimenez, Bingen Mendizabal, David Azurza, Ruper Lekue, Antonio Guerrero, Hilario Extremiana, Xabier Sarasola, Josu Elberdin, Josu Soldevilla, Iñaki Urkizu edo Jabier Ituarterenekin.

Eta bai: beste batzuetan legez, neuk ere ekarriko dut neure harri-koskorra proiektu hau gauzatu dadin eta Atxurin izango nauzu kantari larunbatean.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *