XVII. Agiña Memoriala, Andoni Arregiren oroimenez

Bihar eta etzi ospatuko da XVII. Agiña Memoriala. Andoni Arregi zenaren omenez antolatzen du urtero-urtero Jatorki abesbatzak udazken partean.

1998an hil zen Jatorkiren sortzaile eta zuzendari izan zen Andoni Arregi. Harrez geroztik, eta omenaldi xume bezain sakona eskainiz, Agiña memoriala antolatzen du taldeak. Izena, 1974an Andonik berak egindako lan batetik dator, Zutik! izenekoa. Zuhaitz horren irudia goraipatu zuen, bizitzarako eredu gisa jarriz: “ixil, apal, baña… zutik”

Neuk ere irakasle eta maisu izan nuen Andoni, hamaika urtez jarraian abesbatzeko kide izan nintzen-eta, solfeo-ikasketak bukatutakoan. Garai hartan, solfeo zen, teoria eta guzti, ikasten genuena, edota irakasten zigutena, ez egungo eskolaz kanpoko jardueretako musika-hizkuntza.

Hasieran ez zegoen oso seguru, gazte edo ikusten ninduen taldean aritzeko, baina urteak eman nituen bertan, asko ikasita gainera. Ez zidan Andoni taldeko arropa itzultzen utzi; egunen batean itzuliko nintzela esaten zidan. Eta, seguruenik, halaxe izango da.