Behin baino gehiagotan egokitu zait publizitate-kanpainak eta iragarkiak aztertzea, arrazoi desberdinengatik: lanagatik, laguntza eskatu didatelako… Lanbidearen ajez edo deformazio profesionalez ere bai, jakina. Azken arrazoi honengatik erreparatu diot, seguruenik, Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren aurka abian jarri duen azken kanpainari.
Ez da erraza lelo elebidunak arrakastaz osatzea edo itzulpenarekin bete-betean asmatzea. Sarriago gertatzen da, nire ustez, ideia bikaina hizkuntza batean sortzea eta gero beste hizkuntzara edo hizkuntzetara eta horien ezaugarrietara egokitu behar izatea. Ez da erraza hitz-jokoak itzultzea. Adibide ugari dagoela ematen dit. Esate baterako, Laguna kotxeen kanpaina hasi zenean nik adiskidetasunarekin zerikusia izango zuelakoan nengoen.
Antzeratsu gertatu zait arestian aipaturiko kanpainarekin; ez ditut bi leloak berdin ulertzen. Gazteleraz, “tío bueno” horrek ematen du jokorik. Nola euskaratu, baina? “Tipo apartak” izan da hautaturiko formula; “osaba ona” ez, eskerrak. Hala ere, “tipo” ontzat hartuta, “aparta” eta “ederra” ez ditut berdin ulertzen nik. “Mutil katxarroa” ere ez dakit nik aparta ote den.
Badaezpada: indarkeria matxistaren kontra nago. Publizitateari, itzulpenei eta testuak ulertzeko moduei buruzko sarrera da.