Eta gaurkoan, joan den astean idatzitakoari erantzuna Oihan Vegak.
Iñaki Muruak bertsoak aipatu dituenez, nik ere bertsolarien antzera, berak esandako esaldi bati egingo diot tira: “Ez al da egoera a-normala hizkuntza informala era formalizatuan irakatsi beharra?”
Tamalez a-normala guztiz. Erabat ados. Anormala baita euskararen egoera Euskal Herrian, hori da kontua. Batik bat gazteei dagokienez; 0-18 urte bitarteko ikasleen % 93k dakiela euskaraz hitz egiten diote datuek, baina soilik % 33k hitz egiten duela euskaraz kalean (iturria: EJ eta Euskaltzaindiaren ikerketa EAEn 2011) Alegia, euskaraz dakiten hiru euskaldunetik bik gazteleraz hitz egiten dute egunero. Argi dago, zonaldearen arabera asko aldatzen dela joera hori, ez baita gauza bera Abaltzisketako mendi puntako eskola txiki batean edo Barakaldoko institutuan topatuko dugun egoera. Baina oro har, euskarak arazo larria du: zenbait gauza adierazterako orduan ez gara gai, behar bezala, era naturalean, euskaraz esateko. Eta horrek gure kulturan ondorioak izango ditu, ezbairik gabe.
Sexu kontuez aritu ginen eztabaidan era umoretsuan, baita irainen inguruan ere. Nork daki euskaraz behar bezala iraintzen? Zenbat gaztek laidotzen diote elkarri euskaraz? Joseba Aurkenerena, Covadonga Garcia eta Jon Zelaia irakasleek ‘Irainka’ Euskal Irainen Bilduma ere kaleratu behar izan zuten (Gero argitaletxea) euren ikasleei kaleko ele txarrak irakasteko asmoz. Euskara irakasleak irainak irakasten! Hori baino gauza anormalagorik… Baina beharrezkoa guztiz, zoritxarrez.
Gauza bera gertatzen zaigu euskarazko pelikulekin, eta datu batek adierazten du gure hizkuntzaren ezohiko egoera hori: ETB-1en, film bat ematen dutenean audientzia ez da %2ra ere iristen; pelikula BERBERA ETB-2n gazteleraz emititzen denean, aldiz, %12-15ko audientzia izaten du. Seikoiztu egiten da ikus-entzuleen kopurua, eta hori ez dator bat euskal hiztunen ehunekoarekin. Ohitura kontua da? Informazio falta? Erabilera urriaren ondorioetako bat? Ea nor ausartzen den arrazoi zehatza topatzen. Are gehiago, ea nor ausartzen den konponbidea aurkitzen. Horra hor gakoa.