2008ko azaroan burutu ziren Bilbon Heziberri, etorkizunerako hezi Jardunaldiak. Partaidetza zuzena izan nuen bertan; adibidez, gaiaren inguruko iritzi-artikulu bat argitaratu zidaten Deian (egun ez omen dago ikusgai, baina aipamena egin eta nire kanpamentu nagusian jaso nuen bere garaian). Halaber, eraiki zen blogean atal baten ardura eman zidaten, Gazteen erronkak 2025ean, hain zuzen (gazteleraz, retos de la juventud en 2025)
Zenbait kidek parte hartu zuen; Jose Mari Lasa izan zen lehendabizikoa. Bere ikuspegia ondoko lerroetan duzu; ia bost urteren buruan iragarritakoaren bidean aurrera egin dugun pentsa dezakezu eta horrez gain hemen partekatu, pantailaz bestalde zauden lagun horrek.
Gazteak erronka, nagusiak herrenka: 2025.
Isil-isilik egin du Markoxek korridorean aurrera, ia oharkabean luzatu du begiratua alabaren ateak uzten duen zirrikituan barna. Han da June bere komunitate birtualarekin solasean. Zerbaitek grazia ikaragarria egin dio algaraka ari baita.
Hogeiren bat urte egin du atzera Markoxek, gogoan ditu oraindik ere Messenger, Twitter, Second Life eta enparauak, baina gogoan du, batez ere, ‘Urrezko batela’ bere blog kuttuna eta beroni esker egin zituen lagunak: Urko eta Hankapalu eta Baltoro eta… Orduantxe hazi zitzaion bere bizitzari…ploop!… adaxka birtuala. Oraindik ere lagun ona du Baltoro, bai alajaina!
Grazia egin dio Juneri Sana lagun finlandiarraren ama wii zahar bat erabiliz gimnasia egiten ikusteak, Sanak bere ama emakume finlandiar potoloena dela dio eta honela izan liteke, akaso. Bihurria da Sana, kamera ezkutatu du etxeko egongelan eta orain aitaren irudiak igorri dizkie lagunei, txora-txora eginda dabil aita telebista berrian astea programatu nahian.- Lagundu egin beharko diot! – esan eta alde egin du Sanak bere gelatik. Egongelara joan eta aitari lagundu dio programazioa bere nahierara egokitzen. Junek musika apur bat ipini eta eskolako lanak egiteari ekin dio gelako mahai-pantailan beharrezko guneak eta lagunen ateak zabalduz.
–Oker eta herrenka genbiltzan!- dio Markoxek berekiko- Informatikari eta tresnari eman genion garrantzia, konturatu barik benetako funtsa birtualitateak duela. Kostata konturatu ginen ezinbestekoa dela gazteen egongelako bi ateak zabalik egotea: biak ala biak. Egurrezkoa, etxe barrura, familiari begira dagoena eta ate birtuala, munduari begira dagoena.
Ordurako etxabeko dendan zen Junek entzun balio, ‘Don Erretolikas’ deituko ziokeen irribarrez eta ez zukeen ondoegi ulertuko egongelaren kontu hori, poltsikoko komunikagailuak eragindako dardarak Sana berriro ere ate-joka zuela adieraziko baitziokeen.
Plisti-plasta (‘Urrezko Batela’ blogetik jasoa )
Sarrera argitaratu nuenez geroztik, jatorrizko webgunea ez dago indarrean. Hala ere, ez dut eguneratu.