Birziklatzen

Inoiz egiten dituzte “zerk amorrarazten zaitu” bezalako galderak. Ez dakit bapatean zer erantzungo nukeen baina bada esparru horretan argi dudan kontu bat: jasanezina zait jendeak kalean lurrera paperak edo hondakinak botatzea. Heziketaren kontua izan daiteke, agian.

Ez da kalea, baina futbol-zelaietan eta antzekoetan pipa-jaleek pipita-azalak oinen azpietan pilatzeak antzeko efektua sortarazten du nigan. Eta kontuan izan azken boladan San Mames pipa-jaleez bete egin dela dioela zenbaitek; hala ere, ez omen da bakarrik Bilbon gertatzen. Hona hemen zer dioten Errealaren webgunean:

Azken urtean 100 tona pipa inguru kontsumitu ziren liga osoko futbol estadioetan. Eta pipa horien azalen %70 baino gehiago lurrera bota ziren.

Horregatik, besteak beste, poztu egin nau Anoetan indarrean jarri duten ekimena ezagutzeak: Anoetatik Gipuzkoako baratzetara. Funtsean, honela laburbildu daiteke (bertatik jasotako hitzak):

Zaleei ontzi laranja biodegradagarri bat emango diegu, landareen tintaz diseinatua, partidan zehar pipa azalak sartzeko […]. Partiden ondoren, zaleek berariaz jarritako kolore berdineko edukiontzietan sartuko dituzte ontziak. Ondoren, baratzetako hondakin freskoekin nahastuko dira, konpostatzeko metetan, eta, 9-12 hilabeteko prozesu baten ondoren, ongarri zaku bihurtuko dira Gipuzkoako lurrerako.

004635 - Cáscaras de pipas

Jakin badakit birziklatzea ez dela beti erraza izaten (etxebizitzetan espazioa behar delako horretarako, esaterako) baina birziklatzen ez dutenak erta espazio publikoak zikintzen dutenen antzeko mailan daude nire ustez. Horregatik, ekimena arrakastatsua izatea espero dut. Ea gainontzeko taldeek (Athleticek esaterako) antzeko bideak jorratzen dituzten.