Bibliografia ugari dago gaiaz, baina, ia-ia “zenbat buru, hainbat aburu”: adituak ez datoz guztiz bat “estrategia” definitzeko. Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzi Marko Bateratuan, esaterako, behin baino gehiagotan agertzen da kontzeptua (bai, Markoa, berorren araberakoak dira, besteak beste, egun ezagun diren B1, B2 edo C1 mailak hizkuntzen ikas-irakaskuntzan) Bertan esaten denez,
Estrategiak ikaslearen baliabideak (gaitasunak) eta ikasleak baliabide horiekin egin dezakeena (komunikazio-jarduerak) lotzen dituen gontz moduan hartzen dira.
Parentesia eginda, aproposak izan daitezke Maite Goñik bere gaurko hitzan plazaratzeko, bai “gontz”, bai “estrategia”.
Ez dezagun haria gal, baina. Valentzian eman nuen ikastaroan adibide bat jarri nuen: futbolean erabiltzen diren estrategia-jokaldiak. Izan ere, taldeek (edota entrenatzaileek jokalariekin) horrelakoak landu egiten dituzte gerora partidetan indarrean jartzeko: ikasi egiten dira, modu kontzientean bideratzen dira (keinuak ere egin ohi dira maiz), helburu jakina dute (gola sartzea), estrategia erabiltzeak ez du arrakasta ziurtatzen, testuingurua kontuan hartzen da –falta-jaurtiketa, kornerra, futbol-zelaia– baita taldekideen nolakotasuna eta gaitasunak ere… Ezaugarri hauek guztiak dira estrategietarako aplikagarri.