Joan den larunbatean antolatu zen Bilbon “Saltxieguna” izeneko elkartasun-jaia. Zortzigarren aldia izan da aurtengoa. Deian ere eman zuten berri (loturekin arazoren bat omen dago). Nire aldetik, UNICEFeko Euskal Herriko Batzordeko presidente izateaz gain, adiskide dudan Isidro Elezgarairekin izandako solasaldian ateratako kontu batzuk aipatuko ditut.
Izan ere, hauxe zen aurtengo helburua: Mexikoko lurrikarengatik kaltetuak izan diren haurrei laguntza ematea, “Escuela en la maleta” materiala baliatuta.
Isidrok azaldu zidanez, maleta horietan, material “tradizionalagoa”z gain, badago eguzki indarrez dabilen ordenagailu bat, ahal den neurrian eten digitala txikitzeko asmoaz. Halaber, bonbardeketen eta lurrikarak pairatu ondoren, toki itxien beldur direla hango haurrak, eta atari zabalean aritzeak ere lagun dezakeela (aspaldi irakurritako liburu bat gogorarazi zidan; ume indiarrei eskola itxietan gertatzen zitzaiena agertzen zen bertan).