Zer da infografia bat? Agian, ezagutuko duzu hitza edota, zirikatzearren, Bécquerren olerkian bezala erantzuteko tentazioa sortu zaizu (“eta zeuk galdetzen didazu?…) Badaezpada, izenak argi utzi ez badu (info + grafia) hona hemen pare bat definizio:
- Harluxet hiztegian: Informatikak irudiak sortu eta tratatzeko erabiltzen duen teknika (honen arabera, infograma da irudia, teknika horren bidez eginikoa alegia)
- Gazteaukerak dioena (eta bide batez horrelakoak egiteko tresna batzuren aipamena): Infografiak informazioa bisualki aurkezteko sortu ziren: datuak, albisteak zein gertaerak era sintetikoan eta grafikoan laburbilduz. Era horretan errazago ulertzen ditugu edukiak.
Laburbilduz, irudia, ikusiz erraz ulertzeko bidea ematen duen irudia edo irudi-bilduma. Gero eta ugariagoak ditugu -nahiz eta beti argigarriak diren zalantzazkoa izan-.
Hala, Espainiako hezkuntza-sistemari buruzko infografia batekin egin dut topo. Alazne Gonzalezek egina da (gehiago ere baditu), eta bere baimenaz dakarkizut hona. Hau, argigarria delakoan nago, hainbeste bide eta izen-aldaketarekin ez delako erraza zer estudiatzen den eta zein bide egiten den jakitea… hezkuntza-sistema egituratua eta formalean, behintzat.