Laurogei urte bete dira aurten 1937an, gerra garaian beraz, Eusko Jaurlaritzak Eresoinka taldea sortu zuenetik; Euskal Herriko enbaxada kulturala izan omen zen une latzetan, egoerak behartuta ekimena ahitu zen arte.
Omenaldi gisa, garai hartan kantatutakoak eta dantzak ikuskizun batera biltzea bururatu zitzaion Jatorki Abesbatzari urtero Andoni Arregiren omenez antolatzen duen Agiña memorialerako; XX. urteurrena beteko duen Memoriala, hain zuzen (XVII.aren berri ere eman nizun hementxe bertan).
Hau honela, Jatorkiren ahotsetan eta Olaeta Ballet Elkartearen kideen musika eta dantzekin, bi omenaldi batera ikusi eta entzuteko aukera bihar, Bilboko Atxurin dagoen Gizakundearen elizan, 8:15ean hasita.
Proiektuak bizirik iraun zuen bitartean Eresoinkak eman zituen hiru kontzerturen inguruan ardaztuko da ikuskizuna (Sare, Paris eta Londresekoak), irudiak eta soinuak lagun; bukaera gisa, Usandizagaren “Mendi mendiyan” lanaren zati bat eskainiko dute, Mario Lerena pianojolearekin batera.