Ez zait poesia gustatzen

Sarreraren izenburua irakurrita ez dakit zer pentsatuko duzun, irakurle. Agian, izen bera duen Jabier Muguruzaren abestia entzutea izango da zuzenena; hitzak, Lourdes Oñederrarenak dira.

Ez zait gustatzen poesia
iruzur egiten duelako.
Esaten du “udaberriak loreak dakartza”
baina denboraren igarotzeaz ari da.
Edo, “joan zinenetik egunak kolorea galdu du”,
baina askotan da eguna urdin, zerua urre, zu gabe ere.
Gainera, ez zinen joan
hil egin zinen.
Ez zait gustatzen poesia
iruzur egiten duelako.
Esaten du neskak larroxak direla edo lili-loreak
baina badakigu ez garela inoiz loreak izan.
Ez zait gustatzen poesia
ezinak hitzez mozorrotzen dituelako

Izan ere, musikaren bidez iritsi nintzen eta hurbiltzen naiz sarri poesiara. Etxepare eta Aresti ezagutu nituen Oskorriren bitartez; Gotzon Aleman eta Walt Withman Txomin Artolarekin; Lauaxeta eta Lizardi Antton Valverderen ahotsean; Atxaga Ruper Ordorikaren abestiekin; hainbat eta hainbat Imanol Larzabalekin, zer esan Xabier Leteri buruz…

Ikasteaz eta irakasteaz ari garelarik,  Abel Camachoren bidez ikusi dut eskolan poesia lantzeko 10 arrazoi eta 10 proposamen azaltzen dituen sarrera bat. Horien artean musika daukagu, jakina.

10 razones y 10 propuestas para usar la poesía en el aula: https://t.co/lfKJrKrf6Z @tiching bidez

Eta Sarean pixkat kuxkuxeatzen, Bilbo Hiria irratian badagoela Poema bat kantatu dizut  izeneko saioa ikusi dut, berriz ere poesia eta musika uztartuta.

Eta poesia eta musika, musika eta poesia buruan ditudala, Rogelio Botanzen ahotsean Arestiren olerkia: “nire poesia oso merkea da…”

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *