Aurkezpen “serioak”

Biltzar batean ibili naiz egunotan. Eta berriz ere sumatu dut hitzaldi edo komunikazio “serio” baterako erabili ohi diren aurkezpen askoren nolakotasuna. Ematen du ganorazkoak izateko, akademikoak edo, “pobrepoint” erakoak izan behar dutela, hots, letra ugari, buletak, grafiko txikiak, irudi gutxi… Eta aurrera egin aurretik argi dezagun ez naizela Powerpoint programaz soilik ari; izan ere edozein programa baliatuta egin daitezke horrelakoak. Agian, horregatik nire tesi-zuzendariak ez zuen begi onez ikusten nire asmoa defentsaren egunerako… eta nik, lagun baten hitzak erabiliz, “Murua estiloan” egin nahi nuen (eta neurri batean lortu ere bai, nik uste).

Behin baino gehiagotan idatzi dut aurkezpenez nire blog nagusian. Hala, 2009an idatzitako sarrera bateko testua dakarkizut berriz, egunerokotasuna ez baitu galdu, aurkezpenen inguruak eta atsotitzak bilduta.

Abenduan Bartzelonan gidatu nuen tailer batean

Zenbat buru hainbat aburu dagoela jabetuta, hona hemen aurkezpenen inguruko nire hausnarketa txikia esaera zaharrak baliatuta, besteak beste erabiliko ditugunek gure jarduna indartu dezaten eta ez daitezen ahulgune bilakatu. Testu laburra izanda, ez eska garirik zuharrari, baina bestetik aditzaile onari hitz gutxi nahiko zaizkionez, Pernandoren egiak kontatu gabe, baten bati erabilgarri suertatutako ahal zaio! Hala bedi.

“Beti lasterka eta beti berandu”Erritmoari eutsi; ez pasatu azken diapoak arrapaladan ezertarako astirik gabe aldez aurretik prestaturik genituelako. Aukeran hobe labur geratzea (eta galderetarako tartea uztea, hala behar izanez gero)

“Burdina berotan jo behar da”Oharrak lagungarriak izan daitezke esan nahi duguna esateko eta ez ahazteko.Zenbait hizlarik esan behar duena gogorarazteko erabili ohi du aurkezpena baina ez da hori bere oinarrizko funtzioa.

“Eroriz eroriz oinez ikasten da”Aurkezpenak hobetzeko landu dezagun arloa. Eta era kritikoan aztertu egiten duguna.

“Etxean gatza ugari dagoela eta, ez dezazula bazkaria gehiegi gazitu” edo “gehiegi baino aski hobe”Erabiltzen duzun programaren azken bertsioaren puntako aukera ez da agian gerora erabilgarriena izango; beharbada aurkezpena egiterakoan efektu edota esteka guztiek ez dute funtzionatuko. Horrelakoak aurreikustea interesgarria da barregarri ez geratzeko.

“Gauza bakoitza bere tokian” Oreka diapo bakoitzean (testua, irudiak, soinuak…) Eta aurkezpena bera ere orekatua izan dadila, ustekabekoak barne. Zertaz dihardugun pentsatu: diapositibak ala dokumentu idatzi bat ari gara egiten?

“Kupel txarretik, ardo onik ez” edo “txapela ez dau gizona eitten”Mezurik ez badago, tramankuluek ez dute aurkezpena hobetuko.
Ez dezagun ahaztu zer den funtsezkoa: mezua, ideiak, komunikazioa.

“Oiloari oloa, astoari lastoa”Zer nolako entzuleria izango duzun kontuan izatea ez dago soberan.

“Pentsatu presarik gabe, ekin geratu gabe”Planifikatu, gidoia lagungarria izaten da aurkezpena bera prestatzen hasi aurretik.Eta denbora kontrolatu.

“Usteak erdia hutsa eta beste erdia putza”Aurkezpena plazan aurkeztu aurretik, probatu eta atzeraelikadura jaso.Halaber, tokia aldez aurretik behatzea zein tresneria ezagutu eta probatzea ez dira ohitura txarrak.

Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak ondo hartu. Hurrengora arte!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *