Horrela bukatu nuen urtarrilean Marurin emandako hitzaldi-solasaldia. Baina kontzeptua ez da nirea, Genís Rocari hartua baino. Izan ere, halaxe dio berak; arazoa ez dela bertako ala etorkin digitalak diren pentsatzea edo zehaztu nahi izatea, Sarean eta sareetan gurasorik gabeko umezurtz digitalak izatea baizik.
Joan den astean egon da katalana Bilbo aldetik; jardun argia zein argigarria berea, hainbat arlotan iradokitzailea. Eta gazteen eta sareen inguruan emandako ideia pare bat dakarkizut gaurkoan.
“Zein da gazteek erabiltzen duten bilatzailea?” entzunda nik Google hedatua pentsatu nuen, baina berak You Tube esan zuen; besteak beste, hitz bat bilatuta bideoak ematen dituela, jakina, eta wikipedian, esaterako, irakurri egin behar dela, hori astunagoa izaki.
Seme-alabekin Interneten inguruko gai horiei buruz hitz egiteak bere aitak nerabezaroan drogen arriskuei buruzko mintzaldia eman nahi izan zionean dakarkiola gogora. Ordurako ondo baino hobeto zeukan horren berri Genisek, inguruan nahiko hedatua gainera, eta, orain bezala, parearekiko harremanak indar handiagoa zuela aitaren hitzak baino.
Eta gaurko gaia teknologia izan dela uste baduzu, adi lagun hori: bere ustez, zu lehenago jaioa bazara izango da zuretzat teknologia.
One thought on “Umezurtz digitalak?”