Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula izan Buenos Airesen Ana Botellaren jendaureko jarduna. Horren ondorioz etorri diren isekak ere ez dira makalak izan, nahiz eta Sarean aldekorik ere aurkitu dudan (zenbat buru…); Eduardo Pérezek, @hombrelobok, idatzitako sarrera, esaterako edo Txipik Rajoyren jarrera eta harena konparatzean idatzitako txioa.
Zertxobait urrutiago begiratu nahi dut gaurko sarreran –egia ere bada sinestezina dirudiela egungo gizartean eta munduan goi-mailako ordezkaritza dutenek zerbitzari xume askori eskatu ohi zaiona ez betetzea– eta Botella anderearen diskurtsoari pare bat xehetasuni erreparatu. Aukera guztiak dira onak ikasteko.
Bere diskurtsoak ez omen du ondo funtzionatu. Aditu batzuek [Enlace roto.] aztertu dute, El Mundo-k jasotako berrian. Eta arrazoi gehiagoren bila, nire ustez, ez da zuzentasuna besterik gabe, edo soilik intonazioa eta ahoskera (baten batek esango du neure buruaren alde egiten ari naizela, ingelesez hitz egiten saiatzen naizenean, gazteleraz bezala, nire jatorria nabaria delako).
Neure ikuspegitik, eta ez hitzezko komunikazioa alde batera utzita (buruz ikasitakoa dela sumatzen da, gainera), egokitasunean ere huts egin du; ez zaio testuinguruari behar bezala lotu. Ematen dit gehiago erreparatu ziola zer esanari, noiz, nori, non eta zertarakoari baino; egoera informal batean ontzat har liteke, seguruenik, gaitasun linguistikoa kontuan izanda. Diskurtsoa ere ez dut uste aberatsa denik (esaldi laburrak, eta sinpleak, besteak beste)
Laburbilduz, ez da nahikoa gramatikaren arauak errespetatzea. Hiztegiarena… eman dezagun nahita eginikoa dela, baina nik ez nuke esango Madrilgo berezitasunik ezagunena kafekonletxea denik.
One thought on “Ahozko jardunak”