Kortxoa eta aingura

Horixe da Helduen Euskalduntzearen 2013/2014 ikasturtearen hasierako ekitaldi akademikoan Bernardo Atxagak hilaren 13an eman zuen hitzaldiaren izenburua. Eta honela aurkeztu zuten aldez aurretik hitzaldi hori:

Behin eta berriro aritu gara euskaldunok gure hizkuntzaren garrantzia aldarrikatzen, eta aldarrikapen horretan gogoan izan dugu beti, aitortua edo aitortu gabe, bestelako ustea dutenen galdera zakarra: Zergatik eutsi hizkuntza txiki horri? Zergatik erabili asteroide bat besterik ez den hizkuntza, alboko beste hizkuntza handi batzuk, gaztelania eta frantsesa, ezagutzen dituzuela? Erantzunak eta argudioak ugariak izan dira historian barrena, batez ere XX. mendean; baina orain irakurrita, XXI. mendean, haietako askok arinak dirudite, kortxoak uraren gainean. Badira ordea, aingurak ere, arrazoi sendoak eta seguruak, eta haiei heldu behar diegu euskararen etorkizunari begira.

deia.com-en argitaratutakoa

 

Hala ere, beste bide batzuetatik ekin zion hitzaldiari, eta aingura zein kortxoa, zentroa eta bazterra azkenean aipatu arren, politikari aipu ere eginez, itzulpenari eman zion garrantzia ekarri nahi dizut gaurkoan.

Zubiaren metaforarekin irudikatu zuen itzulpena, zubi hauskorra gainera. Bi eremu lotzen dituena, oso zabala bata (erderena), txikia bestea (euskararena) Oso lurralde ezberdinak.

Euskara idatziari edo irakurriari erreparatuz, ia gehiena euskara itzulia dela esan zuen Atxagak. Hala, euskararen auzia, itzulpenaren auzia litzateke. Are, itzulpena ona ez bada, zaila dela erabiltzea.

Proposamenak ere luzatu zituen, hala nola itzulpenak sinatuak izatea, itzulpenak kontrolatzea (baita kontrolatzaileak kontrolatzea ere), itzulpena talde-lan gisa izatea… Eta idea zoro bezain iraultzaile eta, agian, faktore biderkatzailea izan lezakeena: aktak eta horrelakoak itzultzen aritzen direnak (inork gutxik irakurtzen baititu) Wikipedia itzultzen hasiko balira?

One thought on “Kortxoa eta aingura”

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *