Garai bateko klasekideek oroimen ona dudala esaten didate; edo, gutxienez, garai batean gertatutako pasadizoak gogoratu eta gogorarazteko. Ematen dit oraingoan ere horrelako zerbait gerta daitekeela.
Izan ere, lehengoan euskaraz ez dagoela azentu-markarik aditu nion adiskide bati. Kanpoko hitzekin ager litezkeela adierazi nion, eta, horrekin batera, EHUko Zientzia-Fakultatean euskal lerroak abian jarri zireneko kontua gogoratu nuen.
Lehendabiziko urrats haietan, besteak beste, hizkuntza bera egokitzeko beharra ere izaten zen, lexikoan esaterako. Behin batean hiztegian aurkitzen ez genuen hitz batez galdetu genion irakasle bati; eta berak, irrifartsu, “agian asmatuko nuen” erantzun zigun lasai asko. Baina hiztegiaren aldekoez gain, bazegoen bestelako arazorik, eta proposamen bitxirik ere bai.
Hala, iraganeko -n soila eta iraganeko eta erlatibozko -n horiek bereizteko proposamen bat bazebilen orduan. Horren arabera, iraganekoaz gain erlatibozkoa zenari azentu-marka jarri beharko zitzaiokeen. Adibidez, “atzo etorri zen gizona” eta “atzo etorri zén gizona ez zen nire irakaslea”.
Ez dakit proposamena Euskaltzaindiara helduko zen, baina argi dago ez zuela aurrera egin. Auskalo baten batek berriro ekingo dion inoiz gaiari.