Aurkezpenak eta esaera zaharrak

Antonio Omatos, Sareko adiskideak, aurkezpenei buruzko aholku batzuk eman ditu bere blogean. Horiek irakurrita, antzekoa egiteko duela denboratxo bat esaera zaharrak baliatu nituela gogoratu dut, gazteleraz (2008an, ai ene) eta euskaraz. Hona hemen euskarazko sarrera berriz; gaurkotasuna baduela iruditzen zait.

Zenbat buru hainbat aburu dagoela jabetuta, hona hemen aurkezpenen inguruko nire hausnarketa txikia atsotitzak baliatuta, besteak beste erabiliko ditugunek gure jarduna indartu dezaten eta ez daitezen ahulgune bilakatu. Testu laburra izanda, ez eska garirik zuharrari, baina bestetik aditzaile onari hitz gutxi nahiko zaizkionez, Pernandoren egiak kontatu gabe, baten bati erabilgarri suertatutako ahal zaio! Hala bedi.

  • “Beti lasterka eta beti berandu”. Erritmoari eutsi; ez pasatu azken diapoak arrapaladan ezertarako astirik gabe aldez aurretik prestaturik genituelako. Aukeran hobe labur geratzea (eta galderetarako tartea uztea, hala behar izanez gero).
  • “Burdina berotan jo behar da”. Oharrak lagungarriak izan daitezke esan nahi duguna esateko eta ez ahazteko. Zenbait hizlarik esan behar duena gogorarazteko erabili ohi du aurkezpena baina ez da hori bere oinarrizko funtzioa.
  • “Etxean gatza ugari dagoela eta, ez dezazula bazkaria gehiegi gazitu” edo “gehiegi baino aski hobe”. Erabiltzen duzun programaren azken bertsioaren puntako aukera ez da agian gerora erabilgarriena izango; beharbada aurkezpena egiterakoan efektu edota esteka guztiek ez dute funtzionatuko. Horrelakoak aurreikustea interesgarria da barregarri ez geratzeko.
  • “Eroriz eroriz oinez ikasten da”. Aurkezpenak hobetzeko landu dezagun arloa. Eta era kritikoan aztertu egiten duguna.
  • “Gauza bakoitza bere tokian”. Oreka diapo bakoitzean (testua, irudiak, soinuak…) Eta aurkezpena bera ere orekatua izan dadila, ustekabekoak barne. Zertaz dihardugun pentsatu: diapositibak ala dokumentu idatzi bat ari gara egiten?
  • “Kupel txarretik, ardo onik ez” edo “txapela ez dau gizona eitten”. Mezurik ez badago, tramankuluek ez dute aurkezpena hobetuko. Ez dezagun ahaztu zer den funtsezkoa: mezua, ideiak, komunikazioa.
  • “Oiloari oloa, astoari lastoa”. Zer nolako entzuleria izango duzun kontuan izatea ez dago soberan.
  • “Pentsatu presarik gabe, ekin geratu gabe”. Planifikatu, gidoia lagungarria izaten da aurkezpena bera prestatzen hasi aurretik. Eta denbora kontrolatu.
  • “Usteak erdia hutsa eta beste erdia putza”. Aurkezpena plazan aurkeztu aurretik, probatu eta atzeraelikadura jaso. Halaber, tokia aldez aurretik behatzea zein tresneria ezagutu eta probatzea ez dira ohitura txarrak.
 Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak ondo hartu. Hurrengora arte!

Gazteen erronkak

2008ko azaroan burutu ziren Bilbon Heziberri, etorkizunerako hezi Jardunaldiak.  Partaidetza zuzena izan nuen bertan; adibidez, gaiaren inguruko iritzi-artikulu bat argitaratu zidaten Deian (egun ez omen dago ikusgai, baina aipamena egin eta nire kanpamentu nagusian jaso nuen bere garaian). Halaber, eraiki zen blogean atal baten ardura eman zidaten,  Gazteen erronkak 2025ean, hain zuzen (gazteleraz, retos de la juventud en 2025)

Zenbait kidek parte hartu zuen; Jose Mari Lasa izan zen lehendabizikoa. Bere ikuspegia ondoko lerroetan duzu; ia bost urteren buruan iragarritakoaren bidean aurrera egin dugun pentsa dezakezu eta horrez gain hemen partekatu, pantailaz bestalde zauden lagun horrek.

Heziberri webgunetik hartutako irudia

Continue reading Gazteen erronkak