“Zer berri? Zaharrak berri!” dugu esaera ezaguna gure artean. Ez dakit Buggs Bunnyren ahotan ere jarriko zuten marrazki bizidun horren gorabeherak itzultzean. Dena den, antzeko susmoa dut nik egunotan online ikas-irakas prozesuei buruzko iritzi eta proposamenak entzun eta irakurtzen ditudanetan. Are: ba omen dago zientzien esparruan jarrera horri izena eman dionik.
Eta zaharrak berri horrekin bueltaka, iritziak ea proposamenak entzutean (horietako zenbait “berriak” direlakoan edo), nire doktoretzarako bidean egindako ikerketa eta lan batzuk gogoratu ditut. Horregatik, “nire liburuaz” mintzatzea bezalakoxea izan daiteke gaurko sarrera hau. Urteak dira burutu eta aurkeztu nituela aipatutako lanak, eta jakin badakigu Baumanek deskribatutako garai likidootan kontuak, egoerak… azkar aldatzen direla baina ematen du oraindik orain puri-purian egon litezkeela bertan ondorioztatuko kontu ugari. Ez dut uste ameslaria nintzela; bai, ordea, aspalditxo urrutiko ikas-irakaskuntzan eskarmentu pixkat izan dudala ikasle eta irakasle gisa. Goazen zertxobait zehaztera.
Irakasleen prestakuntzan txataren erabileraz saiakera bat egin nuen 2004ko udaberrian. Txat idatzia, gainera; ez zen, beraz, une honetan baliatzen diren bideodeien antzeko tresna. Dena den, teknologiekin gertatzen den legez, erreminta baino jarrera, planteamendua… dira funtsezkoak nire ustez. Esperientziaz gehiago jakin nahi baduzu, hona hemen: Txata , ziberespazioan lagunak egitea baino gehiago: esperientzia bat irakasleekin HABEnet campusean.
Garai haietan kezkatzen ninduen beste gai bat partaidetza pasiboarena zen; alegia, Interneten sortutako esparruetan irakurri arren parte hartze zuzenik ez izatea, mezuen bidez foroetan, adibidez. Ikerketa zabalagoa izan zen hau, eta doktoretzarako ezinbesteko zen DEArako oinarri (Diploma de Estudios Avanzados, DEA, zeritzon doktoretza egiteko tartean egiten zen ezinbesteko mailari) . Euskaraz beste artikulu bat idatzi nuen gaiaz eta hau ere HIZPIDE aldizkarian argitaratu zen; 2007koa da “Partaidetza pasiboa Interneten sortutako talde eta komunitateetan: kezka eta oztopoak“.
Badago beste esperientzia bat; hirugarren hau lanean sortutako eskaera bat izan zen: helduentzako online ikastaro bat diseinatzea eta aurrera eramatea. Gerora, nahiz eta sustatzaileak horren berri emateko interesik ez zegoela adierazi, hedatzea erabaki nuen, besteak beste doktoretzan ikasitako gai batzuk praktikan aplikatzeko ahalegina egin nuelako. Gaztelaniaz dago “¿Cursos virtualizados?” Una alternativa real en formación de adultos” komunikazioa; izan ere, 2007an Madrilen egin zen “XII Congreso Internacional de Informática Educativa” kongresuan plazaratu nuen.
Bi hausnarketa gaurkoa bukatzeko; ez berriak, sarritan esaten ditudalako. Lehenengoa: online ikas-irakaskuntza ez da aurrez aurreko urria edo mugatua bailitzan hartu behar; bestelako izaera bat du eta horri erantzun behar zaio. Bigarrena: aurrez aurre ari diren irakasle guztiak izan dira aurrez aurreko ikasle, baina, online ari diren zenbat izan dira era horretan ikasle?