“Egia da, neuk ikusi dudalako” kantatzen zuen Oskorrik. Ikusi dugunean ezin ukatu egia denik. Edo bai?
Horrelako zerbaitez ohartarazten zuen duela gutxi Miguel Angel Santos Guerrak bere blogean, zinemari buruzko bere eskarmentuan oinarrituta. Eta izpiritu kritikoaren beharra aipatzen zuen. Irudien irakurketa kritikoa ezinbestekoa da. Erreparatu, bestela, berri bera nola “janzten” den hedabide desberdinetan.
Umeekin (edota edozeinekin egia esan) esperimentu txiki bat egin daiteke, telebistan (edo Interneten egun) ikusten diren irudien ustezko objektibotasunaz (eta erabileraz) jabetzeko. Egin paperezko tutu bat eta eskatu horren bidez begiratzeko, eta horren ondoren tutua erabilita ikusi ezin baina dagoen zerbaitez galdetu; alegia, pertsona bat baino gehiago badago baina tutuaren bidez bakarra ikusten bada, galdetu ea urlia bakarrik dagoen. Zer esanik ez, muntaiak egiten badira edo irudiak “ukitu”. Horretan ere, askok badu eskarmenturik: luzeago hitz egin, baina zatia aukeratutakoan, informazioa (edo testuingurua, edo iritzi osoa, edo ñabardura…) galdu; irudiak nahastu; photoshoparen mirariak… Nahita edo nahigabe, auskalo.
Eta irudien egiarekin lotuta, egunotan ikusi ahal izan dugun argazki bat datorkit burura. Noos kasuko fiskalaren argazki batean, bere bulegoan hipermerkatutik edo hartutako erosketa-horga ageri zen hori, hain zuzen (gogoratzen ez baduzu, [Enlace roto.]). Muntaia edo benetakoa? Ez dirudi oso logikoa, areago oraindik, enpresaren izena ageri denean. Ez dakit horga hori eramateagatik salatuko duten edo ez , baina, argazkilari ezagun batek esan zidan bezalaxe, gizarte-mailako jarduera publikoetan egindako argazkietan, badaezpada, edalontzia ez erakutsi.