Puri-purian dago MOOC-en kontu hau, nahiz eta Deia.com-en bilaketa eginda emaitzarik lortu ez… oraindik. Bi adiskidek esan didate azken egunotan horietako batean izena eman dutela eta ea zergatik ez dudan nik ere gauza bera egiten.
Lehenengoz entzun nuenean, eta soldaduska zein kontzientzia-eragozleak zeuden garaikoa naizela kontuan hartuta, MOC (KEM euskaraz) gogorarazi zidan, baina ez. Jende askorentzat eta online antolatzen diren ikastaro irekiez ari gara, MOOC ingelesez. Uztailean Zallan egingo den Ikasnabar’13 nazioarteko biltzarrean MOOCen gaia lantzekoak dira; izan ere, “Onlineko Ikastaro Masibo Irekiak edo MOOC deritzon kontzeptua eta beroien tipologia ulertzea” da duten xedeetako bat.
Arestian aipatu dizkizudan adiskide horiek zein azken boladan irakurtzen ari naizenak aukera ugari eskaintzen eta eskainiko duen planteamendu indartsua dela ematen didate aditzera. Bizitza osoan zehar ikasteko aukera aparta, beste era batera esanda. Baina nik neuk zalantzak ere baditut, urrutiko hezkuntzan eskarmentua badudalako. Are, prozesu horretan arrakastaz aritua naizelakoan nago.
Bi dira sumatzen ditudan oztopoak: urrutiko ikaslearen bakardadea gisa definitu dena (bene-benetan pairatu egiten dena, zin dagizut) eta partaidetza pasiboa, alegia, sarean jarritakoa irakurri bai baina ez idazteko joera (hortaz ere zertxobait badakit). Horiez gain, une honetan nagusi den dohakotasuna gehitzen badugu, izen-emate ugariak izan arren, uzte-tasak ez dira seguruenik txikiak izango (hala ageri da Miguel Zapata Rosek emandako datu batzuetan)
Bitartean, hor dihardugu nola euskaratu: OIMI? (online ikastaro masibo irekiak) OIJI?(online ikastaro jendetsu irekiak)MGOII? (muga gabeko online ikastaro irekiak) MBOII? (muga bako online ikastaro irekiak)
Galdera ona! Itxoin, pentsatu egin behar dut. Norbaitek? RT: @imurua: @euskaljakintza eta nola esaten da #MOOC #euskaraz?
— Maite Goñi (@euskaljakintza) 2013eko otsren 12a