Lan egiteko prestakuntza eta jarrerarik ez ikasleek?

Hedabideetan azaldutakoaren arabera, DEIAn esaterako, euskal enpresetan lanpostuak betetzeko arazoak daude, besteak beste, izangaien prestakuntza eta jarrera arrazoiengatik. Ez dakit nola ulertu, batez ere jarrerena.

Egungo ikuspegitik ipuina ematen duena ere ekarri dit gogora. Izan ere, duela urte batzuk, hezkuntzaren alorrean erabateko kalitatea iparrorratz modura aintzat hartzen hasi zen garaian, bazen Ameriketatik Euskal Herrira etorritako aditu bat: guru bat, hala nahi baduzu. Egia esan, lehenengoz aditzen zenionean, Hamelingo flauta-jotzailearekin bezala, txundituta uzten zintuen; hurrengoetan, berriz, diskurtsoan hutsune bat baino gehiago antzematen zenion.

Eta halaxe gertatu zen behin. Garai haietan, multinazional bat hona etortzekoa zen, lantegi itzela eraikitzera eta ia gure enplegu-arazoak konpontzera. Pertsona honek proposatu zuen (eta hitzaldi hartan eztabaida piztu ere bai) EAEko Lanbide Heziketa enpresa haren beharrak asetzeari begira antolatu beharko zela, neurri batean behintzat; bezeroaren beharrak asetzeari begira, alegia. Eztabaidak eztabaida, ez dakit arlo hau aztertu zen, baina multinazionala ez zen azkenean etorri; usteak erdi ustel, beraz.

 Beecher's

Prestakuntzarenaren esparruari erreparatzen badiogu… ez dakit  langilearen seme-alabei zer toki ematen zaien proposatzen edota adierazpen horietan islatzen den gizarte-ereduan. Langile “espezialduarena” izango  ote?

Hasierako informazioaren beste puntu bati erreparatuta, aldiz, ez dakit zehatz mehatz zer esan nahi izan duen enpresarien ordezkariak “jarrera” kontu horrekin. Urteak badaramatzagu curriculumetan jarrera-edukiak aintzat hartzen, teorian behintzat; badakigu azpiko curriculumak edo ezkutuak duen pisua. Beraz, ez dakit oso logikoa den prestakuntza-jarrera bereizketa egitea… ikuspegi zaharragotik ez bada. Beste alde batetik, susmoa dut “hiritar sortzaile eta kritikoa” ez dela  enpresariek benetan nahi dutena. Eta, Botxotik Ziberespaziora blogean kontatu nuen bezala, eskoletan ere zalantzazkoa ikasle-mota hori benetan nola ikusten den.

Gazteen emantzipazioa

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatu nahi duela irakurri nuen [Enlace roto.] (estatistikari erreparartu nahi badiozu, hona hemen Gazteen Euskal Behatokiak eskainitako datuak). Sekula baino prestatuago omen dugu gazteria, arlo teorikoetan behinik behin (ikus, esaterako, [Enlace roto.]). Baina etorkizuna ilun samarra, oro har.  Areago oraindik, gainkostu bi sumatzen ditut, gutxienez, gizartearentzat.

Oskar Martínezek DEIAn ateratako argazkia

Gainprestakuntza hasteko, alegia, behar dena baino gehiago estudiatzea, eta ustez, nahi baino sarriegi noraezean ibilita. Hala eta guztiz ere, utz dezadan argi aurrera jo eta kritikak entzun aurretik, aurrerapauso handia dela nire ustez derrigorrezko heziketa luzatu zein unibertsitateko ateak ireki izana, baita bizitza osoan ikastearen beharra ere. Baina, adibidez, ingeniaritza ikasi eta gero paddle irakasle izan, ez dakit ba.

Aurrekoaz gain, hemen prestatu pertsonak gero atzerrira joateko. Esanguratsua; gerora begira japoniera ikasten ari zela entzun nion lehengoan ingeniarigai bati, hemen etorkizun beltza ikusten baitu.  Gertakari honek gainera kalte itzela egingo digu bihar-etzi, Ameriketan ere txakurrak ortozik dabiltzala ahaztu gabe –eta Alemanian ere bai, eta Japonian–

Lanbide Heziketa izango da irtenbidea, [Enlace roto.]? Unibertsitatean karrera batzuetan postuak mugatzen badira ([Enlace roto.]) nork izango du nahi duen hori ikasteko aukera (betikoek seguru)? Zalantzak ugari, lagun hori, eta irtenbide errazik ez, momentuz.