Ala online da merketuz “saldu” nahi dena?
Kontua da, lagun hori, azken boladan e-postaz eskaintzak bidaltzen dituzten zenbait webgunetan utzi ditudala datuak (eta zuk?). Era guztietatakoak dira, aisialdiarekin loturikoak normalean: jatetxeak, hotelak, bidaiak, masajeak… Baina bestelako produktuei buruzko informazioa ere jaso ohi da.
Hala, kontu bat suertatu zait oso deigarri egunotan eskaintza horiekin: ikastaroak “salgai”, on line, itzeleko beherapenekin; % 96a ere kasuren batean. Ez dakit gaia den –horietako bat ditxosozko community manager izateko zen, esaterako–, ala ingurunea bera: bigarren mailakotzat jotzen da urrutiko hezkuntza?
Sarri esaten dut lizentziatura-ikasketak urrutiko hezkuntzaren bitartez egin nituela; arrakastaz, gainera. Gerora, online osagaia zuen ikastaroren bat diseinatu eta tutorizatzea ere egokitu zait. Ez da erraza, jakina; hala ere, eta zailtasunak zailtasun, egingarria bai. Baina hortik beherapenetan jartzeraino…