Kopiatzearen inguruan

Irakasleek ere kopiatzen dutela irakurri nuen duela gutxi [Enlace roto.]. Itzulpena nirea izan arren, badakigu ere horren kokapenak eransten diola esanahirik euskaraz, alegia, ikasleen antzera jokatzen dutela horrela jarrita-beste kontu bat litzateke “kopiatu ere egiten dutela” esango bagenu, ezta?-. Badirudi kopiatzeko gaitasuna (eta harrapatua ez izatearena) ikasle bati jakintzat ematen zaiola. Areago oraindik; puri-purian dauden MOOC horietako baten berri izan dut, non online ikastaroetan kopiatzea landuko duten, eta ulertzen saiatuko.

Egunkariko berrian Lorena Fernandezek esandakoekin bat nator -egia ere bada sarri nagoela ados basauritar argi honekin- Kopiatzen bada agindutako zeregina edo azpian dagoena da funtsezkoa. Gogoan dut BUPeko historia-irakasleak azterketa aurretik aukera bikoitza eman zigunean: ohiko azterketa egitea ala testu bat iruzkindu nahi genuen material guztia baliatuta, testu-liburua barne. Ez zara harrituko argitzen badizut lehenengo aukera izan zela ia aho batez hautaturikoa.

Terry Paton Flickr-en (CC lizentziapean)

Halaber, kultura, usteak eta baloreak daude oinarrian. Mesfidantza giroan bat engainatzen saiatuko da eta bestea harrapatzen, amarrua agerian uzten; seguruenik, horixe da azterketa “klasiko” horien irudirik hedatuenetakoa. Kopiatu, edo saiatu, ez delako egungo fenomenoa.

Azkenik, badaude kopiatzearen alde egiten dutenak. Kopiatu eta hobetu, egindakoa partekatu kopiatua eta zabaldua izan dadin. Horretarako eskubideez hurrengo batean jardungo dugu. Testu zientifikoetan besteen ekarpenak ondo aipatzea ondo baloratzen da, behinik behin.

 

 

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *