Gaur ez natorkizu nire liburuaz hitz egitera… baina ia-ia. Beste bide batzuetatik esan dizudala jakin badakit, baina pozik nagoela ezin izkutatu edo ukatu.
Lehenengo aldia beti berezia dela esan ohi da, eta kasu honetan bi “lehenengo aldi” daukagu: Daniel Cassanyren lehendabiziko liburua euskaraz, nire aurreneko liburua editore gisa.
“Sustraietatik zerura” du izenburu HABEk argitaratzen duen Itzulpen Sailaren 53. zenbaki honek. Izenburu hori Mallorcako ereserki ofizialeko lerro batetik dator; izan ere, egileak dioenez, “zuhaitza zenbat eta barnerago sustraiak, gorago“. Eta hala,
sustraiak ezagutuz -eta onartuz eta maitatuz- bihurtzen gara handiago, ulerberago, koherenteago, zoriontsuago, helduago.
Iturri desberdinetako ahotsak eta testuak bildu ditu Cassanyk; bestela esanda, bere idazlan hautatu batzuk jaso dira, hemen ezezagunak, lortzeko zailak izateagatik –atzerrian edo aldizkari espezializatu eskuragaitzetan argitaratuak– edo oraindik argitaratugabeak izateagatik. Hitzaurreaz gain, beste zazpi atal daude:
- Hitzaurrea.
- Egungo praktika letratuak.
- Pantailetatik esanahira.
- Ardoa eta botilak, irakurketa eta liburuekin.
- Irakurketa-klase on bat.
- Nola lortu idazketak guri men egitea?
- Zer da, gaur egun, ondo hitz egitea?
- Escuela-ko zutabeak (2008tik 2011ra Escuela aldizkarian ateratakoen aukeraketa)
Guztien artean nolabaiteko batasuna dagoen arren, atalka irakurtzeko ere aproposa da lana.
Aurkezpen-saioak antolatu dira, Bilbon eta Donostian, eta bihar arte, azaroaren 6a arte, bertara joateko izen-ematea zabalik duzu. Bestela ere, beti duzu liburua lortu eta irakurketaz gozatzeko aukera.
4 thoughts on “Daniel Cassany: “Sustraietatik zerura””