San Tomas Akinokoa da gaur; berori dugu unibertsiteen patroi. Hala, gai horren inguruko gogoeta laburrarekin natorkizu.
Egunaren inguruko ospakizun batean hartu nuen parte joan den astean (ikusi nahi baduzu, 1:21:25 aldera agertzen naiz). Ospakizunean deigarria izan zitzaidan (eta seguruenik unibertsitate gehienetan antzekoa gertatuko da) esparru horretan tradizioek duten pisua: janzkeretan (birreteak, togak eta eskumuturrekoak, muzetak, koloreak, eskularru zuriak…), erritoetan (besarkadak, esaterako), Gaudeamus igitur ereserkia bera (edo kantatzeko hautatzen den zatia)…
Baina aldi berean, pertsonen goi-mailako prestakuntza eta ikerketa dira unibertsitateetatik espero direnak; aurrerapenerako bideak eskaintzea, beraz, jakintza-mailan behintzat. Are, eta honek ere eztabaida zabalerako eta hausnarketarako bidea ematen du, badago unibertsitateak irakaskuntza gutxiesten duela pentsatzen duenik (Amalio Reyk idatzitako sarrera, gazteleraz), eta horren aurrean ikerketzea nahiago dela.
Ondorioz, badirudi txanpon baten bi aldeak dituela unibertsitateak, oraindik orain: ohitura eta tradizioaren pisua (ekitaldia, eta parafernalia, nahi bada, erakusgarri bat baino ez den arren) eta gerora begiratzearen beharra (baita ikas-irakas prozesuetan ere).