Aldatu egin didate banketxe batean nirekiko harremanetarako izendatua duten pertsona . Lehenengo aldiz elkar ikusi genuenean, hau esan zidan: euskaraz ulertzeko ondo moldatzen dela baina mintzatzeko gaitasuna nahiko herdoildua duela eta gazteleraz hitz egingo zidala. Etorri ahala, eta lehentasunen kontua buruan nuela, seguruenik gaztelera ez den beste hizkuntza ere ikasiko zuela esan nion eta bete-betean asmatu. Ikasketengatik eta lanpostuagatik ingelesa beharrrezkoagoa ikusiko zuen antza eta, lehentasunak lehentasun, euskara lantzea baztertu. Askoren jarrera, ematen dit.
Elebitasun hartzailea hizpide izan dut behin baino gehiagotan; hartzailea diot, ulertzea ez baita jarduera pasiboa. Hasiera batean kritikoagoa nintzen arren, zentzua izan dezakeela sumatu dut, besteak beste egoera jakin batean halaxe bizi izan nuelako.
Joxe Arantzabalen blog-sarrera batean, Ahobizi eta Belarriprest irakurri nituen lehengoan. Euskaraldia ekimenarekin lotuta daude ahobizi eta belarriprest horiek.
Agian, horrelako dinamikak, eta elebitasun hartzaileak azken finean, lagundu egingo du banketxeko langile horrekin eta antzekoekin euskara sustatzen, hizkuntz ohiturak aldatzea zaila den arren. Eta zailtasun horren adibidea ere badut, oso hurbil gainera.