Online topaketak

Ez nekien, adiskide, zein hitz jarri izenburuan: jarduerak, ikastaroak, kongresuak, biltzarrak… Baina “topaketa” hautatu dut lehengusu batek esaten zituenak gogoan izanda. Euskara era informal samarrean ari zen ikasten aspaldi; alegia, eskolak hartu gabe, bere kontura eta udetan nahiko testuinguru euskaldunean zebilela baliatuta ari zen apurka-apurka. Gustukua zuen berak “topaketa” hitza; ahoa betetzen duten horietakoa eta borobila zela zioen sarritan.

Eta online bai… Halaxe ematen du izango direla asko “normaltasun berrian“. Behintzat, aurreko urteeetan aurrez aurre ziren pare bateko antolatzaileek aldaketaren berri eman dute dagoeneko. Datak ere jarrita daude horietako batean; are, matrikula ere bai.

Eta ez dut esango geroa ikusteko gaitasuna dudanik (ez naiz, ustez behintzat eroa; ez dut ikusten geroa, alegia, abesti baten hitzak ziotenez). Baina bai hasi naiz sumatzen, beste arlo batzuetan bezala (ikastolak, euskara unibertsitatean…) nolabait aitzindari izan naizela. Nahita edo nahi gabeko hautuak, auskalo.

Aurreko batean aipatu nizkizun duela urte batzuk egindako ikerketak eta idatzitako artikuluak. Eta horietako batzuk, online antolatu ziren kongresuetan aurkeztu nituen 2005ean eta 2006an. “Congreso Internacional Virtual de Educación” izena zuen ekimenak (5. eta 6.a ei ziren). Ponentziak kongresuaren webgunean zintzilikatzen ziren, gaika. Eztabaidarako, foroak zeuden irekita. Eta inoiz, mahai-inguru gisa, txat idatziak. A zer nolako esperientzia izan zen lehendabiziko aldiz horrelako saio batean moderatzaile izan nintzenekoa. Txat idatzia, bai, ez oraingo bideohitzaldi famatu horiek bezalakoa. Eta harreman informaletarako guneren bat ere bazegoen, baina kafe birtuala ez da kongresuen hirugarren zatian bezala dastatzen.

Handik denboratxo batera, II Congreso de la Cibersociedad ekimenean parte hartu nuen. Eta urrats bat gehiago emanda, antolaketa lanetan lagundu ere bai.

Eskubideak: CC zero

Edonola ere, ez dakit garai hartako esperientzietatik zer ikasi dudan, dugun. Oraingoan, ezinbestez hartu behar izan baita erdi ahazturik zegoen bidea. Portzierto, garai likidoen eraginez edo, orduko esteken bila ibili naiz eta ezin aurkitu.

2 thoughts on “Online topaketak”

    1. Lehengusuari itzel gustatzen zitzaion hitza… Esaten zuenean, astiro-astiro ahoskatzeko ohitura zuen

Leave a Reply to Iñaki Murua Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *