Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, abenduak 3. Eta ez da gaiari buruz idazten dudan lehenengo aldia; besteak beste, 2014ko sarrera bat dago “Ikasle eta Irakasle“n.
“Botxotik ziberespaziora“n egindako 2013ko hausnarketa ez dut errepikatuko (funtsean, bat nator oraindik orain). Ospatzeko modu asko daude, bai. Eta euskararen alde lan egiteko ere bai. Isilagoak batzuk, ageriagokoak beste batzuk. Eta txoko honetan idaztea da ekartzen dudan harri koxkorretako bat.
Izan ere, helduan euskararen ikas-irakaskuntzaren alorrean ardaztu da nire lan-ibilbide osoa. Urteak joan ahala, gertaera gogoangarri batzuetan lekuko (edo partaide zuzen) izan naizela konturatu naiz, hala ikastolen berpizkundea nola euskararen lehen urrats ofizialak unibertsitatean.
Dena dela, hemen idazteko erabakia bestelakoa izan zen: [Enlace roto.] euskara ere maiztasunez agertzea. Halaber, euskarak badu bere traola edo etiketa sarreretan; hizkuntzek ere bai. Tamalez, eta konturatu gabe, hartutako erabaki haren ondorioz nire txoko nagusian euskarak tokia galdu duela sumatu dudan arren.
Bihartik aurrera ere, ajeak aje, hizkuntza erabiltzen segitu beharko dugu. Blogaren izenburuari jarraikiz, euskara eta euskaraz ikasi eta irakasten ere bai. Eta nire zertxoa emanez, hemen eta hemendik euskaraz irakurtzeko (eta, nahi izanez gero, idazteko edota iruzkinak egiteko) aukera izatea eta baliatzea espero dut. Hala bedi!
Bascoac oroc preciatzen
Heuskara ez iaquin harren
Oroc iccassiren dute
Oray cer den heuscara…
Heuscara
Habil mundu gucira