Urtea bukatzen den honetan blog honi erreparatu nahi diot, irakurle lagun hori. Kontraesankorrak diruditen bi konturekin natorkizu.
Alde batetik, eta ia urte beteko ibilbidea betetzear dagoenean, lehiaketa batera aurkeztu da “Ikasle eta irakasle” hau. Azkue Fundazioak eta Argiak antolatutako Blogetan deritzonera, hain zuzen. Argi dago bertan aurrera egingo badu, zeure laguntza eta botoak ezinbestekoak izango zaizkiola.
Bestetik, eta hamaika hilabete pasatu direnean –argi dezadan kasu honetan hamaika horrek ez duela asko esanahia hartzen; zenbakia bere horretan, besterik ez– guneko arduradun nagusiak rara avis, hots, berezia naizela esaten dit: euskaraz argitaratzen dut Deiaren blogosferan eta ez maiztasun handiegiz –honekin ez nator bat, astean behin, zintzo-zintzo–. Hortaz, bisitariak gutxi direla –zaretela–, nahiz eta batek baino gehiagok esan –aurrez aurre– ikusi duela bloga; are, euskara askorik ez dakien aspaldiko ezagun batek nik hemen idatzitakoa irakurtzen saiatzen dela esan zidan orain dela gutxi. Iruzkinena… begien bistakoa da.
Laburbilduz, geroa definitu beharko laster. Eta, bakarrik baino, nahiago bidaide hurbil bazintut. Edonola ere, urte berri on!
Ai ama! Euskara hutsez argitaratzen da beraz, ez da irakurtzen… hainbeste urte pasa eta gero berdin pentsatzen jarraitzen dute batzuek!!
Ez dakit hori den arrazoia, Maria, edota blogak ez ei daudela modan, edota informazio lar sareratzen dela / dugula. Kontua da ahaleginak merezi duen baloratu nahi dudala.
Bestalde, lehiaketarenak ere zer pentsa ematen du, ezta?