Lan egiteko prestakuntza eta jarrerarik ez ikasleek?

Hedabideetan azaldutakoaren arabera, DEIAn esaterako, euskal enpresetan lanpostuak betetzeko arazoak daude, besteak beste, izangaien prestakuntza eta jarrera arrazoiengatik. Ez dakit nola ulertu, batez ere jarrerena.

Egungo ikuspegitik ipuina ematen duena ere ekarri dit gogora. Izan ere, duela urte batzuk, hezkuntzaren alorrean erabateko kalitatea iparrorratz modura aintzat hartzen hasi zen garaian, bazen Ameriketatik Euskal Herrira etorritako aditu bat: guru bat, hala nahi baduzu. Egia esan, lehenengoz aditzen zenionean, Hamelingo flauta-jotzailearekin bezala, txundituta uzten zintuen; hurrengoetan, berriz, diskurtsoan hutsune bat baino gehiago antzematen zenion.

Eta halaxe gertatu zen behin. Garai haietan, multinazional bat hona etortzekoa zen, lantegi itzela eraikitzera eta ia gure enplegu-arazoak konpontzera. Pertsona honek proposatu zuen (eta hitzaldi hartan eztabaida piztu ere bai) EAEko Lanbide Heziketa enpresa haren beharrak asetzeari begira antolatu beharko zela, neurri batean behintzat; bezeroaren beharrak asetzeari begira, alegia. Eztabaidak eztabaida, ez dakit arlo hau aztertu zen, baina multinazionala ez zen azkenean etorri; usteak erdi ustel, beraz.

 Beecher's

Prestakuntzarenaren esparruari erreparatzen badiogu… ez dakit  langilearen seme-alabei zer toki ematen zaien proposatzen edota adierazpen horietan islatzen den gizarte-ereduan. Langile “espezialduarena” izango  ote?

Hasierako informazioaren beste puntu bati erreparatuta, aldiz, ez dakit zehatz mehatz zer esan nahi izan duen enpresarien ordezkariak “jarrera” kontu horrekin. Urteak badaramatzagu curriculumetan jarrera-edukiak aintzat hartzen, teorian behintzat; badakigu azpiko curriculumak edo ezkutuak duen pisua. Beraz, ez dakit oso logikoa den prestakuntza-jarrera bereizketa egitea… ikuspegi zaharragotik ez bada. Beste alde batetik, susmoa dut “hiritar sortzaile eta kritikoa” ez dela  enpresariek benetan nahi dutena. Eta, Botxotik Ziberespaziora blogean kontatu nuen bezala, eskoletan ere zalantzazkoa ikasle-mota hori benetan nola ikusten den.

Agur esaten ere ikasi behar

… eta ez dakit inon irakasten den. Edota erakutsi ere egiten den. Gure inguruan, heriotzak -eta maila apalagoan, agurrak- ezkutatu egiten direla ematen dit. Baina hor daude. Bizitzarekin batera, ezinbestean.

Neure kasuan azken egunotan hausnartzeko beta izan dut. Halaber, heriotza hurbil sumatzean, bizitzak -gure artean behinik behin- baduela azkenik nabaritzeak heldu egin ditu gure seme-alabak; berez, gorputzez hazi direnak, beste errealitate batzuk ikusi eta ulertzeko bidea egin dutelakoan nago. Ume izatetik heldu izatera egiten den bidean dagoen igarobidea, nolabait esateko.

Gaizki ulertu zuela adiskide batek uste nuen, egun luze-luzeak bizi nituela adierazi nuenean -hustu beharra nuen, zinez, era laburrean izan arren- eta berak disfrutatzeko erantzun zidanean. Ez, ordea; sumatu zuen  zertaz ari nintzen, eta egoerarik latzenean ere badagoela alderdi onik ulertarazi zidan. Gutxi gora behera, Xabier Amurizak idatzi eta Imanol Larzabalek kantatu bezala, mundua ez delako beti jai, inoiz tristea ere bai, baina badirelako mila motibo alai kantatzeko.

“El Almacén de Fotografías Libres” webgunetik hartutako argazkia

Eta, honelako ikasketak, ez dut uste planifikaturiko curriculatan agertzen edo agertuko direnik. Beharbada, horretarako denborarik ere ez. Nahiz eta ikasi behar diren, heldu izateko bidesaria direlako seguruenik.