Euskal blogosferaz X. Getxoblog Topaketan

Aurtengo Getxoblog Topaketan Su Saria jasoko dudala kontatu nizun aurreko batean. Eta berriarekin batera, euskal blogosferaz hitzaldi laburra prestatzeko eskatu zidan Mikel Agirregabiriak. Hau honela, hemen duzu erabili dudan aurkezpena (egia esan, sarrera hau hitz egiten ari naizen bitartean argitaratzeko egongo da programaturik).

Zertaz mintzatu(ko) natzaien?

  • Zer ote da euskaldun blogosfera, bloga edota euskaldun izatea
  • Euskal blogosferaz idatzitakoa, ikertutakoa
  • Irrati-izarra hil ote zuen bideoak? Eta blogak Twitterrek?
  • Txioak euskaraz
  • Omenaldien egunean eta Euskaraldian murgilduta
  • Niretzako ondorioak: pizgarri? akuilu?

Eta, nola ez, eskerrik asko nitaz gogoratu direnei eta urteotan bidaide zaituztedanoi (senideok, adiskideok, blogosferako auzokideok,  txiolariok…). Hori bai: ibilbide batengatik saria jasotzen duzunean, kezkatu ere egiten zara, ezta? 😉

 

Getxoblog Su saria

Getxoblog Su saria emango didatela jakinarazi didate. Hilaren 24an izango da, Getxoblog X. Topaketan. Botxotik ziberespaziora blogean argitaratu dudan sarreran adierazi bezala, aspalditik ezagutzen dut  Getxoblog ekimena; sustatzaileetako bat Mikel Agirregabiria baita. Are, antolatzen denetan lana tarteko izaten dudan arren, agertu izan naiz inoiz eta bertan eratutako mahai-ingururen batean parte hartu ere bai, 2015an esaterako (Mikelen beraren kronika lekuko). 

Iaz Jonjo Agirrek proposatutakoari jarraikiz, euskarazko blog bati emango diote lehenengo aldiz Su saria, orain arteko UrAire eta Harea sariekin batera. Eta niri ematea erabaki dute. Egia esan, beste sari baten ere izango naiz partaide oraingo honetan, Aprendices taldeak jasoko baitu aipatutako Ur sari hori.

Blog jakin bat baino, ibilbide bat saritu dutelakoan nago. Blog elebakar hau bere anaia nagusi elebiduna baino gazteagoa (jakina) eta xumeagoa da; gainera, ez da hain emankorra. Edonola ere, bi blogak aintzat hartuz, 1800 sarrera inguru dira dagoeneko sareratutakoak; txioak gehitzen badizkiogu, askoz gehiago. Eta hainbatetan euskara erabilita. Bestelako abenturaren batean ere ibilia naiz blogari gisa, “Euskal lerroak abian” ekimenean besteak beste.Horretaz gain, nire alderdi profesionalak ere badu euskara eta Sarearekin lotura zuzenik, seguruenik ezezagunagoa izan arren.   

Encuentro Anual #GetxoBlog 2015
2015ko edizioan, mahai-inguruetako batean. Mikel Agirregabiriak ateratako argazkia.

Saria jasotzearekin batera, hitzaldi labur bat emateko eskatu didate. Zein gai jarriko eta “euskal blogosfera”. Hasia naiz dagoeneko informazio bila, neure ideiak osatze aldera: Wikipedian dagoena (ez omen dago guztiz eguneraturik), Joxe Arantzabal lehengusuak 2007an Faroa bere blogean idatzi zuena, Azkue Fundazioak 2017an egindako ikerketablog eta webgune interesgarrien bidumarekin duen esparrua zein  Blogetan! Blog izarren bila gunea (gogoan izan 2013-14an Blogetan! sarian partaide izan ninduzula, arrakastarik gabe hori bai)…

10 minutuko hitzaldia osatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango.  Horrelakoak egiten ere ikasten ei da, eta eginez ikasi ere bai. Asmatuko ahal dut oraingoan!