Mintzatzu, ikasi, gozatu

Halaxe irakurri nuen lehengoan kaletik nindoala iragarki batean, ingelesez. Urrutitik horiexek ziren ondo ikusten ziren hitzak, letra handian idatzita baitzeuden. Lelo ona, pentsatu nuen, ikasi eta gozatu elkartzen dituen ikuspegiak.

Hurbildu ahala, testu gehiago ikusi nuen. British Councilek egindako propaganda zela lehenengo, ikurra agertzen baitzen. Neure kolkorako pentsatu nuen kanpaina interesgarria zela. Baina, ondoren, letra txikiagoz, ume eta nerabeentzat zela. Hasiera batean gazteentzako ikuspegi hori helduentzat zabaldu ote daitekeen galdetu nion neure buruari, eta handik lasterrera erantzuna: lelo bera helduentzako ikastaroetarako ere bai (tira, “heldu” gaztea zen modeloa)

Ongi etorri, beraz, ikaskuntza modu erakargarrian planteatzeako asmoa (halaxe izango ahal da!) Gozatu, alegia, nahiz eta pertsonaren helburuak, zilegi izateaz gain, serioak izan. Bai bai, letra odolaz sartu ohi zen, baina modu hoberik badago, ezta?

Lehen hitzaren garrantziaz

Lehendabiziko elkarrizketan erabiltzen den lehen hitz hori zein hizkuntzatan dagoen badu berebiziko garrantzia, nire ustez. Areago oraindik; harremana denboran luzatzekotan, ez da samurra hizkuntz ohitura horri buelta ematea.

Izan ere, lehen hitzaren hizkuntzaz esperientzia desberdinak izan ditut –eta iruzkinak jaso– azken boladan.

Adibidez, adiskide bat beti euskaraz mintzatzen zaie Bilboko tabernako zerbitzariei; eskualde erabat euskaldunean bizi denez, beretzat pentsaezina da bestela egitea. Eta ustekabe bat baino gehiago izan dugu hori dela-eta, harridura-aurpegiak alde batera utzita (behin eskatutako kafe-motak erabat nahastu zituen zerbitzari gaztetxo batek, esaterako)

Beste batek, Bilbon bizi denak, taberna berri bateko jabeaz, begikotasuna azpimarratzeaz batera, euskalduna dela aipatu zidan. Eta lagunaren jokabidea, gainera, 30 urteko beherakoekin euskaraz hitz egitea da. Bere ustez, adin horretatik beherako guztiek ikasi dute hezkuntz sisteman gutxienekoa ulertzeko beste.

mariag Flickr-en

Ingeleses-hiztunen jokabideak ere harritu egiten nau sarri; ematen du edonork dakiela –jakin behar duela– ingelesez, lasai asko hitz egiten baitizute nonahi beren hizkuntzan. Nahiz eta atzerrira joaten garenean antzeko jokaera izan dezakegun hasieran, lingua franca izatea baino gehiago ez ote dago horren atzetik?

Eta, azkenik, “hemengo” jokabide batzuk ere bitxiak inoiz. Jatetxeetako kartak gaztelaniaz eta ingelesez egotearen antzera, aste honetan bertan gertatutakoa: landetxe baten webgunea bisitatu eta, sartu bezain laster, hara non irekitzen zaidan leihotxo bat. Zer izango eta bertako arduradunaren mezua, ingelesez, nola ez, hizkuntza hori badakitela adieraziz eta zalantzaren bat izatekotan lasai idazteko… ingelesez, ematen dit.