MOOCak berriz

Ikasnabar’13, joan de otsailean iragarri nizun kongresua, bukatu berri da. Twitterren izandako solasaldiak aztertzea da bertan gertatu denaren berri izateko moduetako bat, webgunea bisitatzeaz aparte. Hastag nagusia, #ikasnabar13

Aipatutako sarrera hartan MOOCei buruz nire susmo batzuk plazaratu nituen. Kongresu horretan, berriz, oso kritiko agertu dira Sarean ezagun diren hiru pertsona: Juan José Calderón Amador, Ainhoa Ezeiza eta Mertxe Jimeno Badiola. Gazteleraz dagoen arren, hona hemen egindako ekarpen interesgarria: la falsa disrupción de los MOOCs: la invasión de un modelo obsoleto — alegia, eredu zaharkitua dela defendatzen dute, besteak beste —

Aldi berean, Eroski Consumer webgunean, udan dohan ikasteko sei on line ikastaro aipatu dituzte. Bai lagun, MOOCez ari dira. Baten baten izena emateko tentazioa izan dut, baina astirik ez.

Eta seguru hau ez dela gaiari buruzko azken sarrera.

Umezurtz digitalak?

Horrela bukatu nuen urtarrilean Marurin emandako hitzaldi-solasaldia. Baina kontzeptua ez da nirea, Genís Rocari hartua baino. Izan ere, halaxe dio berak; arazoa ez dela bertako ala etorkin digitalak diren pentsatzea edo zehaztu nahi izatea, Sarean eta sareetan gurasorik gabeko umezurtz digitalak izatea baizik.

Joan den astean egon da katalana Bilbo aldetik; jardun argia zein argigarria berea, hainbat arlotan iradokitzailea. Eta gazteen eta sareen inguruan emandako ideia pare bat dakarkizut gaurkoan.

“Zein da gazteek erabiltzen duten bilatzailea?” entzunda nik Google hedatua pentsatu nuen, baina berak You Tube esan zuen; besteak beste, hitz bat bilatuta bideoak ematen dituela, jakina, eta wikipedian, esaterako, irakurri egin behar dela, hori astunagoa izaki.

Seme-alabekin Interneten inguruko gai horiei buruz hitz egiteak bere aitak nerabezaroan drogen arriskuei buruzko mintzaldia eman nahi izan zionean dakarkiola gogora. Ordurako ondo baino hobeto zeukan horren berri Genisek, inguruan nahiko hedatua gainera, eta, orain bezala, parearekiko harremanak indar handiagoa zuela aitaren hitzak baino.

Eta gaurko gaia teknologia izan dela uste baduzu, adi lagun hori: bere ustez, zu lehenago jaioa bazara izango da zuretzat teknologia.