Slideshare webguneak bertara igotako aurkezpenei audioak txertatzeko aukera bertan behera utziko du laster. Hau honela, egindako zenbait lan galdu egingo dira edota beste nonbait kokatu beharko dira. Egoera honetan nago; izan ere, nire aurkezpenak azken urteotan bisualak izan dira nagusiki, ahotsik gabe ez ziren autonomoak edo erabat ulergarriak.
Gertakari honek zer pentsatua eman dit, eta, seguruenik, zer ikasia ere bai. Gainera, ez da lehenengoz gertatzen; esate baterako, Mikel Agirregabiria kexu agertu da Blip delakoarekin jazotakoaz, jabeen aldaketa eman ondoren. Eta Iker Merodiok zalantzaren bat utzi du twitter dela-eta.
Teknologien munduan aldaketak azkar doaz. Beraz, jarrerak eta baloreak dira funtsezkoak, ez erreminta jakina. Alegia, kasu honetan aurkezpenei ahotsa jartzeko beste bideren bat topatu beharko horrek balio duela pentsatzekotan.
Hortaz aparte, dohaineko kultura hedatua dago Sarean; eta, berriz ere, beste froga bat dugu hemen. Handien interesak bestelakoak dira, ez gara interesik gabeko erakundeekin ari. Duela gutxi Jorge Campanillasek adierazi zuen bezala, aplikazio baten truke ordaintzen ez badugu, agian produktua gu geu izan gaitezke.
Halaber, edukiak geurek izan daitezke bai, guk geuk egindakoak, baina beste batzuen eskuetan jartzen ditugu, teorian behintzat baldintzak ezagunak izanda. Edonola ere, beste batzuen menpe geratzen gara. Jabe gaitezen ba, gero ustegabekorik izan ez dezagun.