Tsundokua… eta liburutegiak

Tsundoku. Seme-alabei entzun nien lehengoan, nire irakurtzeko zaletasuna zela-eta. Gerora, egunkariren batean irakurri dut haren berri.  Wikipedian ere ageri da; oraindik ez, ordea,  euskarazko bertsioan. Honetan datza Japoniatik etorritako ideia edo hitz hori: irakurriko ez diren irakurtzeko materialak (liburuak) erostea, gero besterik gabe etxean pilatuta uzteko. Halaber, apalean irakurriak izateko zain dauden liburuak izendatzeko ere erabiltzen da.

Bibliomania kontzeptuarekin lotuta dagoela aipatzen dute arestian aipatutako iturrian (sinonimotzat jo dituzte La Vanguardia egunkarian). Nahasmendu obsesibo-konpultsiboa ei da bibliomania, liburuak pilatzeko joera alegia, baina ez da liburuzaletasuna edo bibliofilia.

Neure aldetik, bestelako mania bat sumatu dut azken boladan liburuen inguruan; Diogenes digitalaren sindromearekin lotura izango luke (hau badago euskaraz Wikipedian kontzeptu orokorrari dagokionez): disko gogorren batean zein irakurgailuan liburuen bertsio digitalak pilatzeaz ari natzaizu, bizitza osoan zehar irakurtzeko kopurua guztiz gaindituz. Adibidez, ezagun batek eskaini zidan duela gutxi horrelako liburu-bilduma amaigabe bat, bere kide aditu batek lortua ez dakit zein webgunetatik.

Hau ez da etxeko liburutegia 😀

Zaletasuna mania bihur ez dadin, eta niretzat erosi ditudan liburuak oparitzeko zein beste moduren batean (liburuen gurutzaketaren bidez, esaterako) gainetik kentzeko ohiturarik ez dudanez gero  etxeko bilduma fisikoa kudeazina izan ez dakidan (La Vanguardiako berrian badago horri buruzko aholkurik, dena den), liburutegien zerbitzua ere baliatzea erabaki nuen aspaldi.

Areago oraindik. Liburutegietarako joan-etorriak beti errazak ez direnez, bestelako zerbitzu bat erabiltzen hasia naiz: e-Liburutegia. Labur esanda: Internet bidez liburu elektronikoak mailegatzeko zerbitzua da e-Liburutegia, Eusko Jaurlaritzak sortu, mantendu eta herritarren esku jartzen duena. Baditu bere mugak, baina ematen dit denboraren poderioz hobetzen joango dela, mailegatzeko liburuen kopurua handitzen joango den bezalaxe.

Eta zu, irakurle, zein izaten da zeure liburuekiko jokabidea? Edota oporretan egon arren ezertxo ere irakurtzen ez duen horietakoa zara?