Robot-bertsolaria?

Behin baino gehiagotan galdetu didate ea ni naizen “Iñaki Murua, bertsolaria“. Baina ezagutzen bagaituzu, begien bistakoa da bion arteko aldea. Hala ere, bertsoen munduarekin zerikusia du gaurko sarrerak.

Izenburua ikusita, zientzia-fikzioaz arituko naizela pentsatu duzu, agian. Kontuz, dena den: Star Trek-en horrela har zitezkeen hainbat tresna inguruan ditugu egun, ordenagailu eramangarriak edo tabletak, esaterako. Areago oraindik: gaur bertan gai horren inguruko hitzaldia emango du Aitzol Astigarragak Bilboko Alondegian. Honela aurkeztu dute ekitaldia:

Bertsoa aipatzean burura datozkigu berehala jolasa, inprobisazioa eta hizkuntza. Robota aipatuz gero, berriz, errazago lotuko genuke lana, errepikapena eta makina bezalako terminoekin. Beraz, robot-bertsolari adierazpenak kontraesana dirudi bere horretan, oximorona.

Orduan, posible ote da robot batek bertsotan egitea? Zeintzuk dira horretarako beharko lituzkeen gaitasunak?

Galdera horiek buruan ditugula, robotika eta hizkuntz-teknologietan barrena egingo dugu bidaia. Bertsolarien gisan, tradiziotik jasoa gaur egunean txertatzen ahaleginduz.


Argazkiaren iturria: http://www.sc.ehu.es/ccwrobot/seccion/robotak

Ni kontu berri-berriaz ari nintzelakoan, orain dela bi urte, 2012ko apirilean, robot eta gizakien arteko bertso-saioa izan zela aurkitu dut; are, robotetako bat ez omen zen oso fin ibili; orduko beste bideo bat, Egañarekin lehian. 2013ko udaberriko beste bideo bat duzu hemen; kasu honetan, bi bertsolari gazteren kontrako lehian. Bietan, Aitzol Astigarraga  tartean zen, jakina.

Interesik baduzu, badakizu: arratsaldeko zazpietan duzu Bilboko Alondegian hitzordua. Auskalo inoiz Galtxagorri hori bere esparruan Deep Blue izatera iritsiko den.