Euskaraz, eskolan eta unibertsitatean

Egun ez gaitu harritzen, baina ez dira hainbeste urte ez zela horrela. Beharbada zahartzen ari naizen seinale izango da, lagun hori, baina nire bizitzako bi unetan aitzindari edo izan nintzela ari naiz konturatzen. Gertatutakoak joan den mendekoak dira, XX. mendekoak alegia.

Lehenengoa, ikastola garaikoa. Izan ere, Begoñazpi Ikastolako lehendabiziko belaunaldiko kideetako bat nauzu.  Hasieran lehen hezkuntza, handik lasterrera OHO (edo EGB) izango zena, 1970 Legean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena, EHUko Zientzia Fakultatean eman ziren hastapenetan ikasle gisa; bigarren belaunaldiko ikasle Kimikan, hain zuzen ere.

Laster beteko da 2010an eginiko ospakizun nagusiaren hirugarren urteurrena. Bereziki sortutako Euskal lerroak abian blogean duzu eskura informazio ugari interesaturik bazaude; neuk ere kontatu nuen aldez aurretik pasadizoren bat.  Eta lekuko bizi zein isila badugu 2010 hartatik:  Leioako Campuseko arboretumean dagoen espiral aureoa.

Aurrerantzean bi garaiotako besteren bat kontatuko dizut, ez izan zalantzarik.

4 thoughts on “Euskaraz, eskolan eta unibertsitatean”

  1. Euskal lerroak sortzeko eta bultzatzeko hastapen haiek oso garrantzitsuak izan ziren benetako euskal unibertsitatea garatzeko. Baina nekeziak eta gabeziak ere ikaragarriak izan ziren garai hartan: irakaslego euskaldunaren eza nagusienetarikoa izan zen. Era berean, talde politiko zehatz batek ere euskal adarrak bere mesederako erabili nahi izan zituen, irakasle despedituen kontua… Horrexegatik, euskarazko lerroen sorkuntzak zailtasun ugari aurkitu zituen bidean.

    Baina unibertsitateko euskal lerroen benetako aitzindaria Jesus Maria de Leizaola izan zen. Leizaolak argi zuen euskararen biziraupenak goi mailako hezkuntzarekin lotuta zegoela, eta horrexegatik 1922an Espainiako erregearen aurrean manifestatu egin zen, euskal unibertsitatea aldarrikatuz. Eta 1936an, Basurtuko ospitalean, Euskal Unibertsitatea sortu zuen, medikuntza ikasketak euskaraz eskainiz. Oso denbora gutxi iraun zuen fakultate honek, faxistek hilabete batzuk beranduago Bilbo hartuko bait zuten.

    Tira, Iñaki, barkatuko didazu ba iruzkin honetan luzatu izanagatik, nire asmoa soilik ohar txiki batzuk adieraztea baino ez da, gaia benetan oso interesgarria baita.

    1. Ongi etorri, blogosferako auzokide hori! Eta jakin ekarpenak edota iruzkinak gustura hartzen ditudala.

      Hastapenak beti korapilotsuak izan ohi dira, ezta? Gerora, agian, pasadizo gozoenei baino ez diegu tokirik ematen oroitzapenen artean. Eta sarreratxo honetan agertutakoek doktorego-tesi batzuetarako gaia ematen dutela iruditzen zait.

Leave a Reply to Iñaki Murua Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *