Usabiaga vs Delgado zutabea irakurri dut aste honetan Berrian. Gai interesgarria bezain korapilotsua plazaratu du Juan Luis Zabalak; besteak beste, Xabier Usabiagak berak Twitterren hasitako hariari erreparatzea besterik ez dago. Edonola ere, eta estiloak estilo, hizkuntzaren erabileraren ikuspegitik, bi esatarien zale dela aitortu du Zabalak.
Gogoan dut, adibidez, gure aita zenak jasaten ez zuen telebistan ari zen (eta den) esatari euskaldun bat; ez dut izenik emango. Haren joerak errazegi sumatzen ziren (aitaren arrazoia); gainera, euskara aldetik, etxekotik oso hurbil zebilen… zerbait esatearren (nire bigarren zergatia).
Irrati eta telebistetan gaiaren ezagutza nahikoa ote den galdetu diot sarri neure buruari; tira, aritua izatetik aditua izatea / gaiaren ezagutza ondorioztatzen badugu behintzat. Beste upeleko sagardoa da komunikatzen jakitea zein hizkuntzaren ezagutza eta erabilera; hizkuntza edozein delarik, jakina. Dena den, Zabalak dioen bezala, hizkuntz maila ez da kezkagarria gaztelaniaren kasuan; antzeko hizkuntz hedatu bezain indartsuetan antzera izango delakoan nago. Beste kontu bat da, ordea, euskararen esparrura gatozenean.
Moda antzeko bat dago euskaraz ikusentzuneko hedabideetan “etxeko euskara” baliatzearekin; hizkuntzaren erregistro desberdinak erabiltzeko gaitasun ezaren erakusle direla iruditzen zait maiz, ez hainbeste nahita egindako hautuarekin edota barrea eragiteko bide batekin. Adibide bat: Athleticen partida bat You Tubetik ikusi nuen duela gutxi eta esatariak lasai asko nahasten zituen batua, bizkaiera jasoa, bere eskualdeko aditzak… Aberastasunaren ezagurri ote?
Ez da beti erraza interesa piztea eta hizkuntzaren ezagutza uztartzea, lanean inoiz egiaztatu izan dudanaren arabera. Ematen dit gero eta errazagoa izango dela euskaldunak aurkitzea, baina gogoan dut garai batean lan nekeza zela prest zeudenak azaltzea… edota jende bera toki guztietan ez entzutea. Ez naiz kaleko edo uneko elkarrizketatuez ari, jakina, gonbidatu berezi, komentarista eta abarrez baizik. Azken finean, ez dakit gure eremu txikian hizkuntza aldetiko “Perico” gehiegi ez dugun.