Estudiatu edota ikasi

Atzo [Enlace roto.], hainbat kontu etorri zitzaizkidan kaskarrera. Oroitzapen musikalak ere bai; esaterako, Jon Miranderen hitzekin Imanol Larzabalekin egindako abestiaren hasiera (eta berriki zendu den George Moustakirekin batera kantatua)

Zergatik ikasi
ahaztekotz gero
ikasiak oro?

Izan ere, selektibitate-egunak dira hauek (unibertsitatera bidean tragurik mingotsena, dio [Enlace roto.]). Eta neuk ere erdi ahaztuta dauzkat niri egokitu zitzaizkidanekoak; Pilarrek idatzi duen bezala, hainbat kontu buruz ikasi orduan baina orain gutxi gogoratu… estudiatzen ordu dexente eman arren.

deia.com-en argitaratutako argazkia

Goazen, orain, burura etorritako horiekin:

  • Lehenengoa; berdin al da estudiatu eta ikasi? Ezezkoan nago, ba.
  • Zein da ikasteko motibazioa? Bigarren hau ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
  • Orduak horrela eman dituen gazteari, lo egin gabe eta dena buruan sartu nahian, nola azaldu bizitzan zehar ikastea ezinbestekoa dela?

Eta, lege aldaketaren ondoren, errebalidek, kanpo eta amaierako azterketa sumatiboek alegia, ez dute egoera hobetuko. Ez horixe.

Akabo gaurkoz. Zorte on guztiei; nahi dutena estudiatuko (eta ikasiko) ahal dute (dugu)!

Umezurtz digitalak?

Horrela bukatu nuen urtarrilean Marurin emandako hitzaldi-solasaldia. Baina kontzeptua ez da nirea, Genís Rocari hartua baino. Izan ere, halaxe dio berak; arazoa ez dela bertako ala etorkin digitalak diren pentsatzea edo zehaztu nahi izatea, Sarean eta sareetan gurasorik gabeko umezurtz digitalak izatea baizik.

Joan den astean egon da katalana Bilbo aldetik; jardun argia zein argigarria berea, hainbat arlotan iradokitzailea. Eta gazteen eta sareen inguruan emandako ideia pare bat dakarkizut gaurkoan.

“Zein da gazteek erabiltzen duten bilatzailea?” entzunda nik Google hedatua pentsatu nuen, baina berak You Tube esan zuen; besteak beste, hitz bat bilatuta bideoak ematen dituela, jakina, eta wikipedian, esaterako, irakurri egin behar dela, hori astunagoa izaki.

Seme-alabekin Interneten inguruko gai horiei buruz hitz egiteak bere aitak nerabezaroan drogen arriskuei buruzko mintzaldia eman nahi izan zionean dakarkiola gogora. Ordurako ondo baino hobeto zeukan horren berri Genisek, inguruan nahiko hedatua gainera, eta, orain bezala, parearekiko harremanak indar handiagoa zuela aitaren hitzak baino.

Eta gaurko gaia teknologia izan dela uste baduzu, adi lagun hori: bere ustez, zu lehenago jaioa bazara izango da zuretzat teknologia.