Ikasle arrakastatsuak (eta dituzten iritziak)

Joan den asteburuan irakurri nituen paperezko egunkarian eta, osorik ez bada ere, [Enlace roto.]: ikasketa unibertsitarioan arrakasta izan zuten hiru ikasleren iritziak, Wert ministroaren neurriei buruzkoak, besteak beste. Egia esan, gizon hau ez da ahazten den ministroetakoa izango, ez horixe.

PortaldelSur Es. Flickr-en CC lizentziapean

Irakurketak bestelako hausnarketetara ere eraman ninduen. Esate baterako, gizartean zer ulertzen den-dugun arrakastaz. Ikasle-bizitzan, behintzat, argi, artikuluan agertu bezalaxe; nola heltzen den puntuazio horretara, nola ebaluatzen den, beste upeleko sagardoa da.

Halaber, ez ei dator beti bat ikasketetan arrakasta izatea eta gero bizitzan zer gertatuko den. Horrela agertu zuen Mikel Agirregabiriak bere blogean, goi mailara iritsi diren bi politikariren kasuan behintzat. Are, ez dut dena gogoratzen, baina aipaturiko hiru ikasleek ez dituzte lortu -oraindik- lan “bikainak”.

Azkena gaurkoz; iritzietan agertu bezalaxe, dirua izan liteke azkenean -bizitzan beste esparru batzuetan ere sarriegi gertatu bezala- goi-mailako ikasketetarako giltza, gaitasunaren gainetik. Hau ote da “gure posibilitateen gainetik” bizi izanaren adierazleetako bat? Lankide bati aspaldi entzun nionez, agian “exito” “ez ito” izango da.

Burmuina oporretan?

Bagaude uztailean. Eta badirudi opor ukitua duela inguratzen gaituenak (aurten, antza, eguraldia dugu salbuespen). Hala, deigarri egin zitzaidan joan den astean Athleticen emakumeen taldeko kapitain den (eta Bilboko Aste Nagusian pregoilari izango den) Iraia Iturregik  idatzitako txio bat:

Irudiaz ari naiz, ez atsedenaren beharraz edo denbora bestelako jarduerei eskaintzeaz, jakina. Bizitza osoan ikasi behar bada, udak horretarako ere badira nire ustez. Ikaskuntza formaletik ez formalera doan bereizketa continuum bat dela onartuta, ohar gaitezen garai bateko iraileko azterketak ekainera joan direnetik txikitu egin dela formaltasun horren esparrua, baina, aldi berean, ezin ukatu eskaintza ez formala hedatzen doala. Are, ez dugu ikasten atzerrira goazenean? (eta ez soilik gazteak hizkuntza ikastera joaten direnean) Noiz ikasi genuen igerian? Eta bizikletan? Zer ikasten dugu liburuetatik? Eta museoetan? Eta hondartzan edo mendian eginiko txangoetan?

Laburbilduz, uda, beroa, oporrak, bai, baina burmuina adi eta bizi. Haur, gazte eta helduengan. Beti.

Hizkera formala… formalegia?

Joan den astean Azkue Fundazioak antolatutako Ausar Zaitez ekitaldira hurbildu nintzen. Oihan Vega izan genuen bertan aurkezle. Eta, nire izenkidea bezala bertsolari izango banintz bezala, gaurko sarrerarako puntua eman zidan tarteka egindako solasetan.

Izan ere, euskara eta gazteez aritu zen bere eskarmentutik abiatuta. Eskoletan eta ibiltzen dela aditu nion, hizkera informala dutela mintzagai. Adibide gisa, nerabeek zakilaren sinonimorik euskaraz apenas ezagutzen dutela adierazi zigun, gazteleraz ez bezala. Oihanek zioenez, euskara formala eta estandarra da irakasten dena eta gero gabezia dago sentimenduak atera edo barruak hustu behar direnean, sexuaz hitz egitean edo iraintzean. Bigarren honetaz beste adibide bat eman zigun; Goenkalerako gidoi batean irain handi baten bila ari zela “babalore halakoa” proposatu omen zion hizkuntzan aditu zenak.

Oihan Vega ekitaldiari hasiera ematen
Azkue Fundazioaren argazkia Flickr-en

Nire aldetik, zalantza; non ikasi behar dituzte halakoak hizkuntza-ikasleek? Klasean? Ez al da egoera a-normala hizkuntza informala era formalizatuan irakatsi beharra. Seguruenik, berriki [Enlace roto.] —trailerra ikusgai Sarean— ageri diren bi gizonek ematen digute egoera hau guztia ulertzeko klabea: lehen eskolan erderaz egiten zen eta kalean euskaraz; orain, berriz, klasean euskaraz eta kalean erderaz. Ezagutzatik erabilerarako jauzia dugula erronka begien bistakoa da. Hori bai, ikasketa-bidaian Catalunya aldean euskaraz hitz egiten omen dute nerabeek.

Behaketa eta triangelaketa

Aurreko batean aipatu nizun umeei zail zaiela eskolan egindakoa kontatzea, ezohikoa ez bada behintzat. Baina badugu informazio-iturri aparta: behaketa. Hala, alaba haur-hezkuntzan zebilela, guri buruzko informazio ugari zeukala esan zidan behin andereñoak; berritsua omen zen geurea. Desbideratze profesionalak eraginda agian, geuk ere bagenuela adierazi nion. Izan ere, panpinak biribilean jarri eta ipuinak kontatzen zizkiela, adibidez; edota paperak eta margoak banatutakoan aginduak ematen.

Iturria: pixabay.com

Blogosferan hasi berri nintzela kontatu nuen seme-alabak behatzaile finak direla. Geuretzat ere ez da informazio-iturri makala. Baina bi alderdiri erreparatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, behaketa hori ikerketa formalaren  baitakoa izan ez arren. Mundua ikusteko ditugun betaurrekoak, batetik. Eta informazio bakarra ez dela nahikoa, bestetik.

Triangelaketa da, besteak beste, hezkuntzaren esparruan aipatu izan dena; une desberdinak, informazioa biltzeko tresna desberdinak, datu-biltzaile desberdinak… hiru behintzat, triangeluaren erpinak bezalaxe. Orekatzeko bidea, azken finen. Zeren, eder edo itsusi, zein begik ikusi. Zer den objektiboa eta zer ez, hurrengo baterako utziko dugu.

Estudiatu edota ikasi

Atzo [Enlace roto.], hainbat kontu etorri zitzaizkidan kaskarrera. Oroitzapen musikalak ere bai; esaterako, Jon Miranderen hitzekin Imanol Larzabalekin egindako abestiaren hasiera (eta berriki zendu den George Moustakirekin batera kantatua)

Zergatik ikasi
ahaztekotz gero
ikasiak oro?

Izan ere, selektibitate-egunak dira hauek (unibertsitatera bidean tragurik mingotsena, dio [Enlace roto.]). Eta neuk ere erdi ahaztuta dauzkat niri egokitu zitzaizkidanekoak; Pilarrek idatzi duen bezala, hainbat kontu buruz ikasi orduan baina orain gutxi gogoratu… estudiatzen ordu dexente eman arren.

deia.com-en argitaratutako argazkia

Goazen, orain, burura etorritako horiekin:

  • Lehenengoa; berdin al da estudiatu eta ikasi? Ezezkoan nago, ba.
  • Zein da ikasteko motibazioa? Bigarren hau ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
  • Orduak horrela eman dituen gazteari, lo egin gabe eta dena buruan sartu nahian, nola azaldu bizitzan zehar ikastea ezinbestekoa dela?

Eta, lege aldaketaren ondoren, errebalidek, kanpo eta amaierako azterketa sumatiboek alegia, ez dute egoera hobetuko. Ez horixe.

Akabo gaurkoz. Zorte on guztiei; nahi dutena estudiatuko (eta ikasiko) ahal dute (dugu)!