Ez naiz blog honetaz ari, baina hau ere oraingoz dela esan beharko dut. Izan ere, DEIAren webgunean izandako aldeketengatiko gora-beherek berriz esparrutxo honen geroaz eta tokiaz pentsarazi didate zazpi urte pasatu ondoren (zazpi!!!). Sarrera honetan, aldiz, liburu batez arituko natzaizu, adiskide; eta, zehatzago, liburu baten kapitulu batez.
Badakizu nekez esaten dudala ezetz (bai, badakit hori ikasi behar dudala, baina oraindik orain ikasle ere banauzu). Hala, atal labur bat idazteko proposamena egin zidan liburuaren editoreetako batek hasiera batean. IKTei eta konpetentzia digitalei buruzko liburu baterako zen, ematen duten graduadondoko baten baitakoa. “Irakaslea berrikuntzaren aurrean: garapen profesionala eta ahalduntzea” izan zen proposatutako izenburua eta orientabide orokor batzuk ere eskaini zizkidatzen. Baiezkoa eman eta gero beste kapitulu bat idazteko ere proposatu zidaten, baina arrazoi desberdinengatik hura ez nuen horren argi ikusi eta bigarren horretan ez nuen aurrera egin.
2019ko azaroan plazaratu zuten emaitza eta urtarrilean egin zuten aurkezpena prentsaurreko batean. Azkenean, hainbat kide eta ezagunen partaidetza egon da, Mikel Iruskietak txio honetan adierazi zuen bezala.
Eta hemen, prentsaurrekoaren bideoa:
Bukatu aurretik, eskerrak eman nahi dizkiet nigan pentsatu zuten koordinatzaile-editoreei: Mikel Iruskieta, Montse Maritxalar, Amaia Arroyo eta Abel Camachori.
Informazio zabalagoa: liburuaren editoreei Buruxkak webgunean egindako elkarrizketa. Liburua salgai dago, besteak beste UEUren webgunean.