Isiltasuna eskolan

“Bost aholku zure ikasleak gelan isilik egon daitezen” izeneko sarrera batekin egin nuen lehengoan topo Sarean, berez berrikuntzaren esparrutzat daukaten gune batean. Sartu egin nintzen jakin-minez, eta hasiera bera oso esanguratsua iruditu zitzaidan; ziotenez, eskoletan ikasleak isilik egotea eta arreta ez galtzea da irakaslearen zereginik zailenetakoa. Alegia, eskolaren kudeaketa eta diziplina kontua ei zen nagusi nire ustez.  Bost aholkuen artean ere bazegoen bitxikeriaren bat; besteak beste, argiak bapatean itzaltzea edo kontagailu bat jarri eta sariak ematea.

Umeek egiten duten legez, “zergatik” galdera erabiltzea komenigarria eta lagungarria delakoan nago, arazoaren benetako jatorriaren bila. Hala, neure buruari honelako pare bat egin nizkion: zergatik ez dira isiltzen ikasleak eskolan? zergatik egon behar dute isilik ikasleek eskolan?

Nire ezagun batek zioen bezala, bitxia da hizkuntza gaia duten hainbat eskolatan irakaslea izatea hitz egiten duen bakarra edo ia bakarra… urteetan errealitatea hori izan den arren.

Halaber,  gertakari bat gogoratu nuen isiltasuna zela tartean. Lehen hezkuntzako irakasle batek zioen bere ikasle bati buruz ona eta fina zela, baina aldi berean berritsua. Eta lehenengo “zergatik” galderari honela erantzun zion: ondokoarekin sarritan hitz egiten zuelako. Horren ondorengo bigarren “zergatik” galderari berriz hau erantzun zion: agindutako lanak azkarrago bukatzen zituela eta aspertu egiten zela antza zenez. Ondorioz, bestelakoa zen arazoa, zergatia eta irtenbidea; are, ume hark esan zuen bezala, lanak azkar amaitzekotan gelako “ordenagailuaren txokora” bidaltzen zituzten eta ez ei zen batere erakargarria, jokoak eta ariketak zaharkituak zeudelako eta errepikakor samarrak zirelako gainera.

Laburbilduz, nire iritziz, ikasleek noiz egon behar duten isilik eta noiz ez da aztertu beharreko jokabide metodologikoa, diziplina eta kontrola baino areago. Adinaren araberako bideaz, joko-arauak esplizituki jakitea ere egokia izango da. Eta, seguruenez, ikasleek hitz egitea nahi denean isilik badaude ere kezkatu egingo da irakaslea, ezta? Izan ere, “egun batzutan isiltasunak ere desafinatzen du” dio euskaratutako fado batek.

Tradizioaren pisua pentsaeran

Tradizioaz aritu nintzen joan den astean; geroaz ere bai. Eta aldaketak egiten direnean –edo egiteko asmoa dagoenean, behintzat– usteetan tradizioaren pisua azaltzen duen pasadizo batekin natorkizu, lehengoan ezagun batek kontatutako pasadizoa.

Ikas-irakas prozesuen aldaketan ari dira seme-alaben ikastetxean. Berak esan zidanez, gurasoak deitu zituzten bileretara asmoak azaltzeko, ustekabekorik egon ez dadin. Besteak beste, liburuen ordez tresneria teknologikoak du pisu handia. Azterketak, normalean ezagutzen ditugun tankeran (OHOa indarrean sartu zenez geroztiko “kontrol” horiek eufemismoa izan zirelakoan nago) ere ez dituzte egiten. Horraino, ados egon zein egon ez, normal samarra dirudi.

Onir, Flickr-en CC lizentziapean

Baina hara zer adierazi dion semeak: irakasleek ez dituzte azterketak egiten lanik ez egiteko, ez baitute zuzendu behar. Esanguratsua oso. Seguruenik besteren bati entzunda edo besteren batekin partekatutako hausnarketa. “Beti bezala” edo “Espero den bezala” aurre egiteari ere baduelako areriorik, egiten dena edo egin nahi dena azaltzen saiatu arren.