Bi urte hemen zurekin

Ez da jai berezirik antolatuko, ez da photocallik egongo, ez da prentsan berri emango. Izatekotan, xumea izango da, bi urteotan izan den bezalakoa. Isil antzean baina hor izan duzu eskura, astean behin edo. Neu ere ez nintzen gogoratzen; Google Calendar-ek gogorarazi dit: gaur beteko dira bi urte txoko hau ireki zenetik.

Two glasses of Red Wine by L.C.Nøttaasen, on Flickr

Bestetik, nahikoa dira bi urte Interneten iheskortasunaz jabetzeko. Izan ere, sarreretan erabilitako hainbat eduki –bideo zein argazki– dagoeneko ez dago eskura. Berrikustea pentsatu dut, horrelakoak ezabatuz edota ordezkatuz, baina azken erabakia bere horretan uztea izan da. Denboraren iheskortasun bizkortuaren seinale, denbora likidoen adierazle.

Errazena, azkenean, blog bat irekitzea da. Zailagoa da irautea, maiztasunez elikatzea atzean norbait interesaturik egongo delakoan. Horrelako zerbait adierazi nion Deiaren blogosferaren auzoan esparrua ireki berri duen Bego Beristaini. Hau, finean, denbora luzeko lasterketa da; ondo ulertuko du berak.