Joan den astean DEIAn berriaren izenburua irakurri eta bekei buruzkoa zela pentsatu nuen hasiera batean: Yalen eta Columbian dohan ikasi (jatorrizkoan, “[Enlace roto.]“) Zerbait irakurri eta nork bere ezagutzekin alderatuta, hipotesiak egiten hastea, beraz. Baina oker nengoen; hala, bigarren mailara jaitsi eta MOOCak aipatzen ziren.
Artikulua osorik irakurrita, susmoa dut kazetariak ez duela MOOC batean izenik eman eta parte hartu. Are, ez dakit Sarearen bidez prestakuntza eraturen batean parte hartu duen (sofatik ikastetik haratago doana behintzat) edota Sarea eta ikastea nola ulertzen dituen –hala ere, pista argia ematen digu bukaeran, aipatzen dituen webguneak kontuan hartuta–. Ez du aipatzen Sareko loturen garrantziaz arituko edota NIA (norbere ikaskuntz-alorra edo PLEa ingelesez) eraikitzearen garrantziaz. Azken finean, zintzilikaturik aurki daitezkeen edukiak arlo bat baino ez dira, nire ustez.
Ondorio gisa, eta berri hori adibide argia dugu, Sarean dagoena irakurtzen jakitea ezinbesteko gaitasuna dugu, alegia, inoiz aipatu dizudan literazitatea (eta literazitate kritikoa). Eta ez da nahikoa tradizioz irakurtzen jakiteteaz eta alfabetatzeaz ulertu dena.