Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu?

Joan den astean egin zen Blogetan. Euskal blogarien bigarren topaketa. Azkue Fundazioak, antolatzaileetako batek alegia, gertatutakoa kontatu du sarrera batean. Dabid Martinezek eta Marijo Deograciasek ere hausnarketak eta laburpenak sareratu dituzte. Beste bide bat ere badugu: #blogetan traolari erreparatzea.

Egia esan, ez dut neure burua guztiz islatuta ikusten Azkue Fundazioak egindako inkestaren ondorioetan; maiztasunez idazten saiatzen bainaiz (eta galdeketa erantzun nuen “gutxi” horien artean banagoela aitortu behar). Hala ere, ondorioztatu duten bezala, badut alderdi teknikoan (gaitasun digitalean nahi baduzu) zer hobetua. Are, horrelakorik esaterik badago, blogarien eskola zaharrekoa naizela konturatu naiz jardunaldian, nire sarreretan idatzia izaten baita nagusi. Dena den, ez ahaztu zein den blog honen izenburua.

Bestalde, badago auzi bat , “euskal” adjektiboa agertzen denetan. Aspaldi idatzi nuen bezala (2008an eta 2013an), Imanolen “nire euskaltasuna” datorkit gogora, baita Hibai Rekondoren “nor da euskaldun” abestia ere. Beste adibide bat: blogosferako auzotxo honetan, Ugaitz Zabalak ere idatzi zuen gaiaz: Nor da euskaldun? Zer da euskaldun izatea?

Azkenik, “Euskal blogen aldeko manifestua” plazaratu duela Patxi Gaztelumendik aipatu. Besteak beste, nire ohituretako bat (hau ere ohitura zaharra ote? edo blogari zaharren ohitura?) azaltzen da bertan: besteen blogak irakurri eta iruzkinak idatzi. Gogoan ere badut, “bloga bloga mariñela” aldarrikatuz bukatu zuela Mikel Iturriak Euskadi Irratiko Hiri gorrian programan egindako elkarrizketa. Hala bedi!

Reyes Prados, Sevillan jaiotako euskalduna

Sevillatik etorri zen Reyes Prados kazetaria Euskal Herrira. 9 hilabetetan ikasi du euskara, berak ekainean Euskadi Irratian adierazi zuen bezala. Deian argitaratutako [Enlace roto.] eman zuen bere arrazoien berri. Joan den astean, #poziktibity ekimenaren baitan, Anne Igartubururekiko solasaldi bat aurkeztu da. Gaur bertan, berriz azaldu da Dida saioan (eta astero agertuko omen)

Dena den, eta berak esan bezala, hor dabilkigu jo eta ke ikasten: besteak beste, Errezilen eman du udako zati bat, irratiko elkarrizketa hartan aurreratu zuen bezala. Bertan bizi izandakoak eta bere hausnarketak blog batean plazaratu ditu.

Reyes Pradosen argazkia. Deia.com-en argitaratua

Baserri horretako kide batek adierazitakoa jaso du Reyesek sarreratako batean (testuan dagoen bezala dakarkizut):

“Guk berari irakasten dugu baina berarekin asko ikixten dugu, baita ere”

Reyes ikasle berezia dela ezin uka (denok ez al gara bereziak, ba?) eta euskara kontuetan arrakastatsua oso, gainera. Edonola ere, ikastearen eta irakastearen beste ikuspegi bat badugu aurreko testuan; alegia, baserritar horiek, eta errezildarrek oro har, irakatsi diote baina berarengandik ere ikasi dute. Eta udan, gainera.