Buruz, bihotzez… ez gara berdinak

Duela urte batzuk, lehengusu batek galdetu zidan –euskara-irakasle nintzela kontuan hartuta seguruenik– ea hedabideetan sarritan iragartzen zen ingelesa ikasteko metodo hura aholkatzen nion beretzat. Neure burua aintzat hartu nuen eta ezezko borobila ematera nindoala, bi aldiz pentsatu eta aldatu egin nuen erantzuna; izan ere, lehengusua ez nuen hain sakon ezagutzen eta, agian, proposamen didaktiko hura egokia izan zitekeen; niretzat ez, alegia, baina beretzat bai.

Pasadizo hau gogorarazi dit [Enlace roto.]. Poztu egin du, azkar esanda, berari ikasteko baliagarri izan zitzaion estrategia –gerora bizitzaren beste arlo batzuetan erabiltzen duena, gainera– alabari proposatu izanak –proposatzea, edo, diot neuk–. Horren harira, zenbait gogoeta.

El Buho nº 30, Flickr-en, CC lizentziapean

Seguruenik buruz ikasteak baditu onurak, baina, aukeran, politagoa iruditzen zait ingelesaren ikuspegia; by heart, bihotzez. Badakit 1992ko Espainiako mundu mailako futbol-txapelketako talde guztien hamaikakoak gogoratzen duenik; interes kontua, zalantzarik gabe. Askorentzat, hutsala adibidekoa, ezta?

Jarraian, zertarakoa. Zein helbururekin ikasi? Badago ikasteko modu hoberik? Adibidez, nik neuk, eta urteak joan dira, ez dut oraindik ahaztu “música es el arte que se expresa combinando el sonido y el ritmo”, solfeoko teorian ikasten zen lehendabiziko esaldia. Baina, ematen dit, horrelakoak ere alferrikakoak direla, arestian azaldutakoaren edo Errege Godoen zerrendaren antzerakoa.

Eta azkenik, beharbada, garrantzitsuena. Duela gutxi entzun nion Miguel Angel Santos Guerrari, eta joan den asteburuan irakurri: oiloa ez dela arrano akastuna. Eta hori jakin beharko lukeela “oiloak zaintzen dituena”, baita “oiloak” berak ere.

Eta desberdintasun horiekin batera, hortaz, ikasteko moduak, erak, bideak, estrategiak… guztiak ez dira –ezin izan– unibertsalak, ez direla guztientzako errezeta baliagarri. Ikuspegi honetatik, sarri kontuan hartzen ez den puntu bat: nik modu batean ikasi banuen (edo badut) –eta “nik” honetan nahi duzuna jarri, tradizioa ere bai–, ezinbestean besteak berdin egiten eta egingo duela pentsatzea; neurea dela bide egoki bakarra –areago, horretan zalantzarik gabe sinisten badut– . Baina, zorionez ziur aski, ez gara berdinak, eta, ondorioz, ez dugu berdin ikasten.