Sarritan, editore-senak bultzatuta edo, erreparatu egiten diet ohar eta iragarkietan egindako akatsei. Badakit ez dela kontu berria euskarari begirune handirik erakusten ez dioten testuak ikustea. Eta horrelakoak ikusaraztea; adibide gisa, #euzkaras traola erabiltzen du zenbait erabiltzailek Twitterren. Dena den, irakurle lagun hori, ez naiz ohitzen; batzuetan, haserretu ere egiten naizela aitortu behar dizut.
Goazen testuinguruarekin. Haurren opor-garaiak iristen direnean gurasoen kezka izan ohi da haien asti hori nola bete, umeen zaintza-kontuak arinduta bide batez (edo nagusiki, auskalo). Hala, askok ezagutu ditugu udalekuak. Egoera areagotu egin da azken boladan, kanpo ekintzen esparruarekin gertatu den bezalaxe. Eskaintza ere zabalagoa da orain, eta sarritan kirola, hizkuntza eta abarreko luzea hautatzeko modua izaten da, gaiak uztartuta gainera. Eta udan ezezik, Gabonetan eta Aste Santuan ere badago honelako ekimenik.
Hau honela, horrelako eskaintza baten berri izan dut auzoan datorren asteei begira. Campus elebiduna eskaintzen dute (gaztelania eta euskara izango direla uste), baina, iragarkia ikusita ez dakit euskarari dioten begiruneaz zer pentsatu (beste hizkuntza bat erabiliko ote dute?). Hona hemen zer irakurtzen den, besteak beste, kaleetan barreiatutako kartel horietan:
“Neska-mutilari 08:30etatiko utz dakioke eta haiek jaso 14:30etaraino”
“Hurrengo kasuetan deskontuaren %10 (ez metagarriak): Klubeko jokalariak eta anaiak”
Umeekin erabilitako hizkuntza bestelakoa izatea espero dut, arestian esan bezala, proposamena elebiduna delako. Portzierto, iragarkian erakunde publiko baten izena eta logoa daude. Horrelakoetan, adi egon eta zerbait esan/egin beharko luketela iruditzen zait.