Beti hostoak kentzen

Blog honen leloa, “beti eskamak kentzen” izan beharrean, “beti hostoak kentzen” izan liteke. Izan ere, hasiera-hasieratik ibili naiz duda-mudatan: merezi du edo ez du merezi? irakurlerik badago edo ez dago? Argi dago iruzkinik ia ez dagoela, ezta etenaldia iragartzen dudanean ere.

Orain dela hiru urte, zalantzak-zalantza, lehiaketa batean aritu nintzen, erabateko arrakastarik gabe baina askoren laguntza lortuta (193, 193 dira, ezta?). Orduan, zalantzak gainditzeko modu bat izan zitekeela otu zitzaidan. Baina helburu hori, behintzat, ez nuen lortu.

margarita

Eta hostoak kentzen nabilela –bai, ez, bai, ez– berriro ere Blogetan lehiaketa deitu dutela jakin dut. Oraingoan, berriz, ez dut izar-bokaziorik adieraziko, eta, gehienez, botua emango dut. Eta hostoak kentzen nabilela –ez, bai, ez, bai– itzulpen eskasekin topo egin, Sarean eta kalean, eta blog nagusian (badakizu 10 urte beteko dituela aurten?) horri buruzko sarrera elebiduna idatzi dut. Izan ere, beti agertzen da zertaz idatzi, baina batzuetan astirik ez horretarako… edo dagoeneko idatzi dudala konturatu naiz argitaratu orduko.

Aurrera begira, zer?

Urtea bukatzen den honetan blog honi erreparatu nahi diot, irakurle lagun hori. Kontraesankorrak diruditen bi konturekin natorkizu.

Alde batetik, eta ia urte beteko ibilbidea betetzear dagoenean, lehiaketa batera aurkeztu da “Ikasle eta irakasle” hau. Azkue Fundazioak eta Argiak antolatutako Blogetan deritzonera, hain zuzen. Argi dago bertan aurrera egingo badu, zeure laguntza eta botoak ezinbestekoak izango zaizkiola.

Bestetik, eta hamaika hilabete pasatu direnean –argi dezadan kasu honetan hamaika horrek ez duela asko esanahia hartzen; zenbakia bere horretan, besterik ez– guneko arduradun nagusiak rara avis, hotsberezia naizela esaten dit: euskaraz argitaratzen dut Deiaren blogosferan eta ez maiztasun handiegiz –honekin ez nator bat, astean behin, zintzo-zintzo–. Hortaz, bisitariak gutxi direla –zaretela–, nahiz eta batek baino gehiagok esan –aurrez aurre– ikusi duela bloga; are, euskara askorik ez dakien aspaldiko ezagun batek nik hemen idatzitakoa irakurtzen saiatzen dela esan zidan orain dela gutxi. Iruzkinena… begien bistakoa da.

Laburbilduz, geroa definitu beharko laster. Eta, bakarrik baino, nahiago bidaide hurbil bazintut. Edonola ere, urte berri on!