Iheskortasuna

Aspaldi aipatu nizun hemendik itxoitea dela eskolan ikasten den kontuetako bat. Bizitzaren hainbat esparrutan itxoin behar izaten dugu, behartuta edo borondatez. Aisialdian ere bai. Eta itxoiteak ondorio desberdinak dituela ikasi beharra dago, bizitzan sarri gertatu ohi den legez.

Gogoan izan nuen atzo Espainiako Itzulia pasatzear zegoela, eta txikitako oroitzapenekin lotu. Urte luzeetan Euskal Herritik txirrindularien lasterketa hori pasatu gabe egon aurretikoa da, ni umea nintzenekoa alegia. Erletxe edo Gumuzion gertatutakoa delakoan nago, senitartekoek baserria baitzuten handik, baina badakizu inoiz horrelako gomutetan nahastu egiten garela.

Denbora luzean egon ginen zain. Karabana publizitarioaren zarata, sirena-hotsak… eta aspertzen hasiak ginela, txirrindulariak tupustean. Eta aitaren batean joan ziren gure aurretik, Zornotzarako bidean; gu, berriz, aho bete hortz. Seguruenik, itxoitea eta iheskortasuna zer diren sumatu nuen lehenengo aldia, tartean une haiek gogoan izateko gauza baten bila.

Antzekoa gertatu zitzaien urteen ondoren seme-alabei, Joane Somarriba goian zegoen garaian, hain zuzen. Zain egon ondoren, konturatu orduko joanak ziren neskak, tropelaren erdian zihoan bizkaitarra ia ikusi gabe. Ez dakit seme-alabek frustrazioa ere ez ote zuten nabarituko, iheskortasunaren aurrean.

Tropela Bilbon (2016)

Atzo banekien zer gertatuko zen. Prestaketa luze eta zabalak, hiria hankaz gora behar dena bezala antolatzeko, oharrak eta auto-iladak, jendea espaloi eta bide-ertzeetan zain, lehen ez bezala telefonoak irudiak hartzeko prest… eta iheskortasuna. Pozez gainezka batzuk, oroitzapenak oroitzapen, baina denborak, alaitasunak, txirrindulariak… ihes; bizitzan sarri gertatu ohi den legez. Iheskortasuna.

Zer dugu gogoan?

Duela gutxi aipatu nizun Jacksonen liburu bat. Gogoratzen dudan bertako beste ideia  bat da ondorengoa. Sarritan galdetzen diegu gurasook edo senitartekook umeei zer egin duten eskolan egun jakin batean eta zail suertatzen zaie erantzutea; geuri ere halaxe gertatzen zitzaigulakoan nago. Ikertzaile amerikarraren ustez, egun gehienak arruntak direlako gertatzen da, “ohikoa” jazotzen delako –edota “ohikotzat” jotzen dena–.

Hala izango da seguruenik; ez ohikoak geratzen zaizkigu buruan. Geure buru horrek ez du memoria osogarririk onartzen, momentuz, eta tokia behar bizitzan gertatutakoak gordetzeko. Baina pentsatzen jarrita oso argi dauzkagu batzuk. Esate baterako, liburuko atal batzuk ditut gogoan nik neuk, ez guztiak.  Beste bat:  nerabe garaian klasean emandako erantzun batetik abiatu da [Enlace roto.]. Bide horri jarraiki, agindu nizun bezala, aspaldiko kontu bat orain; auskalo ez zaituen harrituko.

Joan den mendean jaio nintzen. Eta, garairi zegokionez, Espainiako himnoa irakatsi ziguten eskolan; hitzak buruz ikasita, ez oraingo “lalala” hori, Pemanen letra baizik  (egia esan, Wikipedian datorrenaren zati bat baino ez dut gogoratzen).

Iruzkinen zain egon gabe, aurreratu egingo natzaizu eta pentsa dezakezunari erantzun. Baina ez zenuen esan ikastolan ibili zinela? Egia da, lagun hori, baina oraindik nolabaiteko onarpena edo ongi ikusia baino ez genuen. Horregatik, patioan goizero ez –hala-moduzko patioa, gainera– baina ikuskaria etor zitekeenerako ondo prestatu gintuzten 70 hamarkada haren hasieran. Eta inoiz entzeguak, entzulego bezala aita ezezagun bat eta guzti lekuko zela, badaezpada. Benetan etorri egin zen ikuskaria? Agian, “ohikoa” den gertakarien barruan egongo zen. Baina hitzak… horiexek bai neure buruan oraindik.